Injineruetako arraunlariak nagusi Bilboko Itsasadarrean

Bizkaie! 2022-04-11 07:45   Kirola

Pronostikoei bueltea emon, eta Deustukoen aurretik amaitu dabe.

Injineruak, garaipena ospatzen | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Itsasadarreko urek tradizino eta lehiakortasun handiko probea hartu dabe, 40. Injineruak-Deustu Estropadea. Eguraldi eskasari aurre eginda, zortzi arraunlari ontzi bakotxean eta errekearen ertzak ikuslez beteta, giro onean eta kiroltasunez jokatu da lehiaketea, baina bietako batek irabazi behar eta EHUren Injineruen Eskolakoak izan dira bizkorrenak.

Berez, Deustuko Unibersidadearen ordezkariak izan dira irabazteko faboritoak, aurreko bost edizinoetan be eurak izan ziralako onenak, kontrarioei alde handia kenduta. Oraingoan, baina, pronostikoak ez dira bete, eta Injineruek eskuratu dabe Zidarrezko Bandejea, 23 minutu eta 38 segunduko denporea eginda. Deusturi 42 segundu atera deutsiez.

Probearen lehenengo milia bardindua izan da, ontzi biak pare-parean. Pixkanaka, baina, Injineruen ontzi urdina abantailea hartzen hasi da, bigarren milia lau segunduko aldeagaz amaitu dabe. Hirugarren eta laugarren milietan apurtu da lehia, eta agirian geratu da irabazleen nagusitasuna.

Deustukoek kiroltasunez onartu dabe porrota, eta Injineruen ordezkariak zoriondu ditue. Ondoren, kirolari eta antolatzaile guztiek Sociedad Bilbainaren egoitzara jo dabe, indarrak berreskuratu eta eguna biribiltzera.

Injineruen eta Deusturen arteko estropadearen historian, oraingoz, deustuarrak dira jaun eta jaube; dagoeneko 25 aldiz irabazi dabe. Injineruak 15eko markara heldu dira aurtengo garaipenari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu