Dopinaren Euskal Agentziak 315 kontrol egin zituan igaz

Bizkaie! 2022-04-01 12:36   Kirola

Sekula baino proba gehiago izan arren, bitan baino ez eben legez kanpoko jarduerea topau.

Jon Redondo eta Josu Ayo (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Dopinaren Kontrako Euskal Agentziaren 2021eko jarduerearen balantzea aurkeztu dau, Josu Ayo Agentziako arduradun medikoagaz batera, Bilbon. EAEn dauka eskuduntzea erakunde horrek.

Igaz, 83 misinotan 315 kontrol egin zituen Agentziako adituek, sekulako gehien. 2019ko errekor historikoa gainditu da, orduan 311 kontrol egin ziran eta. 2020an nabarmena izan zan pandemiaren eragina eta kirol proba gitxiago egon ziranez, kontrol gitxiago, 145, egin ziran. 2021ean normaltasunera bueltau da kirolaren mundua.

Inoizko probarik gehien egin arren, gehien-gehienetan ez zan kasu susmagarririk agertu. Dozena bat pasautxu kontrako emoitza baino ez ziran agertu, eta ia guztiak baimendutako arrazoiakaitik ziran. Azkenean, legez kanpo ibili ziran kirolari bi baino ez zituan detektau igaz Agentziak, eta biei zabaldu deutse jagoken espedientea, eta ondoren zigorra etorri da.

Terbutalina eta EPO substantziak hartzeagaitik zigortu ditue horreek kirolari biak, Dopinaren Kontrako Euskal Agentziaren arabera.

2021ean, 64 kirol probatan eta 19 entrenamendutan egin ziran probak. Generoari jagokonez, kontrolen helburu izan ziran kirolarien % 83 gizonezkoak izan ziran, eta %17 emakumezkoak. 

Guztira, 17 kirol modalidatetan egin ziran dopinaren kontrako probak. Gehien, arraunean (108 proba), errepideko txirrindularitzan (58), errepideko atletismoan (24), ziklokrossean (20) eta sokatiran (19).

Jon Redondok adierazo dauenez, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren datuok argi erakusten dabe Eusko Jaurlaritzea dopinaren kontrako burrukan sendo dabilela. 2005ean hasi zan agentzia kontrolak egiten eta dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinagaz zero tolerantzia kulturea ezarteko lan egiten dau. Kirolaren benetako balioak dira ahalegina, nork bere mugak gainditzea eta kiroltasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu