Lumière Institutuaren klasikoak dakarz Euskadiko Filmategiak

Bizkaie! 2022-04-01 10:56   Zinemea

Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen izango dira proiekzinoak.

'L'horloger de Saint-Paul' (Bertrand Tavernier, 1974) | Ikusi handiago | Argazki originala

Apiriletik bagilera, zinemagintzearen historia film klasikoen bidez erakutsiko dauen zikloa ipiniko dau martxan Euskadiko Filmategiak, bost egoitzatan: Donostiako Tabakaleran, Bilboko Arte Eder Museoan, Gasteizko Artiumen, Iruñeko Golem-Baionan eta Donibane Lohizuneko Le Sélect zinema-aretoan. Lyongo Lumière Institutuaren artxibo aberatseko harribitxiak izango dira proiekzinoetako pelikula guztiak.

Ziklo honetarako aukeratu dituen hamaika filmak danetarikoak dira, zerrenda eklektikoa da, Euskadiko Filmategiaren arabera. Modu horretara, zinemagintzearen historiaren ikuspegi zabala emon nahi dabe. Besteak beste, Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski, Sergio Leone, Wim Wenders, Ida Lupino eta Jean-Pierre Melville zinemagileen lanak ikusi ahal izango dira.

Zinemagintzearen aitzindari izan ziran Lumière anaien omenez sortu eben Lumière Institutua, 1982an. Egoitzea Lyonen dauka, anaien jatorrizko urian. Gaur egun, Frantziako eta nazinoarteko zinemagintzearen erreferente da.

Zikloko pelikula guztiak ikusi ahal izango dira Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohizunen, ostera, lau emonaldi egongo dira. Ganera, Lumière Institutuko zuzendari Maëlle Arnaud Donostian eta Bilbon izango da, La double vie de Véronique (Krzysztof Kieslowski) filma aurkezten. Irène Jacob aktore eta Institutuko ohorezko presidentea be etorriko da Euskal Herrira, zikloan parte hartzeko.

Bertrand Tavernier frantsesak zuzendu eban L 'horloger de Saint-Paul, zikloan emongo daben beste pelikuletako bat. 2021an hil zan arte, Tavernier izan zan Lumière Institutuko ohorezko presidentea, eta omenaldia egingo deutso Euskadiko Filmategiaren zikloak.

Beste filmak honeek dira: The Bigamist (Ida Lupino), Scarecrow (Jerry Shatzberg), Il buono, il brutto, il cattivo (Sergio Leone), Le corbeau (Henri-Georges Clouzot), La belle équipe (Julien Duvivier), L'armée des ombres (Jean-Pierre Melville), The Red Shoes (William Powell, Emeric Pressburger), Alice in der Städten (Wim Wenders) eta Lumière! L'aventure commence (Thierry Frémaux).

Proiekzino guztiak jatorrizko hizkuntzan izango dira. Saio batzuetan gaztelaniazko azpitituluak ipiniko ditue, eta beste batzuetan euskerazkoak. Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko emonaldiak 19:00etan hasiko dira.

Ganera, José Antonio Sistiagak 1970ean egindako Ere erera baleibu icik subua aruaren… film esperimentala ikusteko modua egongo da maiatzean. 35 mm-ko zeluloidearen ganean marraztuta sortu eban obrea artista gipuzkoarrak, formatuak buztartzeko ahalegin aitzindarian.

Egitarau osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu