'Noiz utziko dio euria egiteari' filma Bizkaia Aretoan eta Faktorian

Bizkaie! 2022-03-29 11:16   Zinemea

Apirilaren 1ean, Bilbon eta 24an, Laudion.

Performance zinematografiko bat da Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken proiektua. Durangoko Azokako Irudienea gunean estreinau ondoren, Bilbon eta Laudion ikusteko aukerea izango da apirilean.

EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan izango da lehen proiekzinoa, apirilaren 1ean, barikuan, 19:00etan. 40 lagunentzako murgiltze-esperientzia zinematografiko berezi bat izango da, antzerkiaren eta zinemearen artean dagoan lurralde berezi baterako bidaia. Sartzea doban izango da,leku guztiak bete arte.

Bigarren hitzordua, barriz, Aiaraldeko Faktorian izango da, Laudion, apirilaren 24an, domekan, arratsaldeko 18:00etan. Kasu batean zein bestean, filmaren egileakaz barriketaldia egongo da proiekzinoaren ondoren. Horrezaz gan, filma Indiako Bangalore uriko One Earth Awards zinema-jaialdian aukeratu barri dabe eta jaialdi horretako film laburren sari ofizialak irabazteko lehian egongo da.

Noiz utziko dio euria egiteari dokumentalaren eta fikzinoaren arteko mugan bizi dan sormen-lana da eta izen bereko Piszifaktoriaren kaleko ikuskizunean oinarrituta dago. 23 minutuko iraupeneko film esperimentalak 2071. urtera eroango gaitu, ordurako izango dogun gizartearen inguruan hausnarketea egiteko.

Guillermo Ordás arduratu da zuzendaritza lanak egiteaz eta haregaz batera ibili dira Irati Agirreazkuenaga, produkzio lanetan eta Mikel Ayllon, gidoilari lanetan. Musikea, barriz, Igor Arzuagak sortu eta nahastau dau. Pantailan Agirreazkuenaga, Ayllon eta Arzuagaren gorputz eta ahotsak be ikusiko ditugu. Kameren atzean, Betitxe Saitua arduratu da jantziez eta Pablo Ibarluzea aholkularitza artistikoaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu