Maiatzetik abendura egingo dabe Jai Alai World Tour 2022

Bizkaie! 2022-03-24 10:14   Kirola

Lau grand slam jokatuko dira eta, ondoren, azken fasea Berriatuan.

Bilbon aurkeztu dabe txapelketea (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zesta puntako jokalari zein enpresen, erakunde publikoen eta babesle pribaduen alkarlanari esker, Bizkaiko eta Gipuzkoako frontoietan puntistarik onenen jokoaz gozau ahal izango dabe zaleek, Jai Alai World Tour 2022 txapelketeari esker. Donostian, Markinan, Gernikan, Hondarribian eta Berriatuan jokatuko dira partiduak, maiatzean hasi eta urtea amaitu arte.

Gernikako Winter Series ekimen barriak izan dauen arrakasta ikaragarriaren arrastoan, bultzatzaileek zaleen gogoari erantzun nahi deutsie, zesta puntako jokalari onenei txapelketa luzea eskaintzeaz gan, Ameriketako frontoi guztiak zarratuta, halakoen beharrean dagoz eta.

Bilbon egindako aurkezpenean egon dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Munduko Pelota Kontseiluko presidente Fernando Azkarate eta Jai Alive enpresako buru Mikel Egiguren. Pelotari batzuek be hartu dabe parte ekitaldian.

Txapelketeak berak fase bi izango ditu. Lehenengo, lau grand slam jokatuko dira, bakotxa leku baten: maiatzaren 14tik bagilaren 11ra, Donostian; bagilean eta garagarrilean, Markinan; garagarril eta abuztuan, Gernikan; eta urrira arte, Hondarribian.

Ondoren, azken fasea jokatuko da. Grand slametan ondoen ibili diran lau aurrelariak eta lau atzelariak buruz buru jardungo dira, Berriatuan. Final handia abenduaren 30ean izango da, Berriatuan bertan.

Antolatzaileek azaldu dabenez, pelotari batzuek grand slam guztiak jokatuko ditue, eta beste batzuk txandakatuz joango dira. Gaur egungo puntistarik onenak egongo dirala ziurtatu dabe Jai Alai World Tourreko arduradunek: Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Jean Olharan, Unai Lekerika, Imanol Lopez, Jon Zabala...

Publiko ahalik eta zabalena erakarteko asmoz, kirola eta ikuskizuna buztartuko ditue partidu bakotxean: puntistarik onenak nor baino nor ikusteaz gan, argi-ikuskizunez eta musikeaz be gozau ahal izango dau jenteak. Pelotari onenen eta ikuskizun on baten arteko nahastea izango da, adierazo dau Mikel Egigurenek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu