Kirol Eskoleak bere transformazino digitala indartu dau 2021ean

Bizkaie! 2022-03-21 10:30   Kirola

Online prestakuntzetan 17.000 ikasle izan ditu.

Kirol Eskoleak, Eusko Jaurlaritzako kirol-prestakuntza eskoleak, bere transformazino digitala indartu dau 2021ean, joan dan urtean emondako 12 online ikastarotan izandako 16.936 ikasle izan ziralarik. Zifra horrek % 18an gainditzen dau 2020koa (14.262 ikasle 11 ikastarotan).

2021ean izena emon daben personen % 52 Bizkaitik etorri dira, % 26 Gipuzkoatik eta % 16 Arabatik. Ikasleen % 28 emakumeak dira.

Kirol Eskoleak 2019an hasi zituan prestakuntza digitalak eta ordutik 25 online ikastaro emon ditu, 31.476 ikasle tartean zirala. Euskarri digitalaren aldeko apustuak zerbitzu eskuragarria eskaini nahi deutse kirol-prestakuntzan interesa daben guztiei, kalidadeko edukiak dituan eredu eroso, parte-hartzaile eta jasangarri baten bidez.

2021ean modu birtualean emondako 12 ikastaroek ondoko gaiak jorratu ditue: kirolean indarkeriaren prebentzinoa, eskola-kiroleko Covid protokoloak, kirol-inguruneetan edade txikikoek teknologiaz egiten daben erabilerea eta kirol-esparruan ikaskuntzearen, entrenamenduaren edo portaerearen oinarriei buruzko teknifikazino-prestakuntzak.

Online eskaintza hau aurrez aurreko jarduerakaz buztartzen jarraitzen da; horreen artean, 2021ean, UPV-EHUgaz batera, Bilboko Aste Olinpikoa atondu zan. Hiru jardunaldi horreetan Olinpismoaren orainaz eta etorkizunaz hausnartu zan, baita Tokio 2020an izan zan euskal ordezkaritzaz, kirol egokituaz eta emakumeen presentziaz be.

Kirol Eskoleak formatu digitalaren alde egindako apustua bere online komunidadean be islatzen da, izan be, dukiaren bolumena eta kalidadea, irismena eta interakzinoak nabarmen hazi diran aurreko urteakaz alderatuta. Nabarmentzekoa da eskolearen Youtubeko kanala, bere jarduerearen multimedia artxibo legez funtzionetan dau eta 2021ean 26.000 erreprodukzino, 3.900 bisualizazino-ordu baino gehiago eta 260.000 inpresino izan ditu.

Nortasun korporatibo barria

Kirol Eskoleak azken urteotan bizi izan dauen transformazino digitala 2022an aurkeztu dauen identidade korporatibo barrian be islatzen da. Marka barria Kiroletik hazi eta ikasi leloak lagunduta doa eta eskolearen balio dibulgatiboak, pedagogikoak, prestakuntzakoak eta moralak jaso nahi ditu (personen arteko bardintasuna, aniztasuna, inklusinoa, kiroltasuna, kirolean indarkeria desagerrarazotea, edade txikikoei babesa...), online prestakuntzearen aldeko apustuaz gan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu