‘Basque Team 2022 Bekak’ eskatzeko epea zabalik dago
2022-03-21 08:15 KirolaKirolarientzako eta teknikarientzako bekei lehen aldiz gehitu jakez epaileentzako bekak.
Basque Team Fundazinoko Patronatuak 2022. urteko goi-mailako kirolarientzako bekak emoteko arauak onartu ditu. Eskaerak aurkezteko epea edegita dago eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratuta, hilebeteko epean zarratuko da. Oinarriak oso-osorik konsultau eta behera kargau daitekez
hemen.
Beka horreen helburu nagusia Fundazinoaren eginkizunari jagokon goi-mailako euskal kirola sustatzea da. Laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta dagoz, kirol-modalidade olinpiko eta paralinpikoei.
Basque Team 2022 bekek laguntza ekonomikoak eta laguntza-zerbitzuak aurreikusten ditue (zerbitzu biomedikoak, kirol-prestakuntzea optimizetako zerbitzuak, kirol-psikologia, kirol-karrera eta akademikoa buztartzeko laguntzea, kirol-ibilbidea amaitzean laneratzen laguntzea, irudi eta komunikazino-zerbitzuak...).
Beharrezko baldintzak beteten dituen teknikari espezializatuek be eskatu leikiez Basque Teameko laguntzak eta, lehen aldiz, goi-mailako epaileek.
Beka horreek jasoteak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetea dakar, joko garbiari, dopinaren kontrako eta bardintasunaren aldeko burrukei eta beste hainbat alderdiri jagokezan arauak aintzakotzat hartuz. Bekea eskatzerakoan, beharrezkoa da nazinoarteko azkenaldiko kirol emoitzarik garrantzitsuenak batzen dituan kirol curriculuma aurkeztea, baita 2022. urte osorako plangintzea be, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia be.
Bekea emoteko kontuan hartuko dira nazinoarteko kirol-lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak) 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra lortutako emoitzak, kategoria absolutuan.
Beka muetak:
1.- Basque Team Kirolariak bekak:
Entrentu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa dan dedikazinoa bermatzeko laguntzak dira. Probearen arabera izan daitekez:
- Basque Team beka programa olinpikoa.
- Basque Team beka programa paralinpikoa.
2.- Basque Team Teknikariak bekak:
Basque Team Kirolariak edo Atzeraeraginezko Basque Team beka baten onuradun dan kirolaria prestatzeko arduradun nagusiari zuzendutako laguntzak dira.
3.- Atzeraeraginezko Basque Team bekak:
2021ean Basque Team Kirolariak beka baten onuradun izan diranentzako laguntzak dira, baldin eta urte horretan eskatutako emoitzan parte hartu ez badabe edo lortu ez badabe.
4.- Basque Team Support bekak:
Basque Team Kirolariak beketara sartzerik izan ez arren, 2021eko denporaldian programa olinpikoan sartutako banako edo taldeko proben Munduko txapelketetan edota Europako txapelketetan parte hartu izana egiaztatzen daben kirolarientzako laguntzak dira.
5.- Basque Team Epaileak bekak:
2021ean lehiaketa jakin batzuetan parte hartu daben epaileentzako laguntzak dira, jagokon nazinoarteko kirol-federazinoak egindako deialdi ofizialaren ondoren eta jokoa garatzeko arau teknikoak eta kirol-arauak aplikauta lehiaketatan parte hartzen daben epaileentzat.
Bikaintasun proiektuak
Bekez gan, Basque Team Fundazinoak laguntzak emongo deutsee Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-erakundeei, nazinoarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izatea eta goi-mailako kirol-emoitzak lortzea ahalbidetuko daben goi-mailako proiektuetarako.
Laguntzak euskal kirolarien partaidetza olinpikora bideratutako proiektuak gauzatzeko eskainiko dira, oro har, martxan dan zikloan (Paris 2024) edo, salbuespen lez, hurrengo ziklo olinpikoan (Los Angeles 2028).
Kirol-proiektuak goi-mailako kirolariak diran euskal kirolarientzat sortu eta bideratuko dira, bai eta, kirol-ibilbideagaitik edo lortutako emoitzakaitik, eskaerea egiten dan momentuan goi-mailako mailea lortzeko hur dagozan euskal kirolarientzat be.
Kirol proiektuek bi eta lau urte arteko iraupena izango dabe eta olinpiar programearen barruko probetara zuzenduta egongo dira.
Laguntza honeetatik kanpo geratzen dira Basque Team Fundazinoagaz akordioa edo hitzarmena sinatuta daben kirol-erakundeen goi-mailako kirol-proiektuak, estrategikoak edo lehentasunezkoak diralako. Proiektu estrategiko horreek surfeko, slalom piraguismoko, neguko kiroletako eta kirol egokituko modalidadeei edo diziplinei jagokezanak dira. Liga profesionaletan parte hartzen daben kirol-erakundeak be kanpoan geratzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!