Ager Solabarrieta, karabinadun tiroko Europako txapeldun

Bizkaie! 2022-03-18 08:15   Kirola

Ondarroarrak bere lehen urrezko dominea irabazteaz gan, munduko errekorra be ezarri dau.

Ager Solabarrieta tiratzaile ondarroarra karabinadun tiroko Europako txapeldun izan da Hamarren (Norvegia), ikusmen urritasuna daben personentzako hamar metroko modalidadean eta horrezaz gan sailkatze txandan munduko errekorra be egin dau (616.6 puntu).

Solabarrietak, nahiz eta orain egun bi zutikako modalidadeko laugarren postuan geratu, sekulako erakustaldia egin eta lehenengo postuan geratu da finalera igaroko ziran zortzi tiratzaile onenak zehazten zituan txandan.

Dominen lehian, euskal tiratzaileak urduritasunari eusten asmau eta probearen hasieratik buruan jarri da, punteria bikaina azken momentura arte erakutsiz eta beti Maite Badiola gidari eta emazteagaz batera. Solabarrietak 242 puntu lortu ditu eta Barbara Moskal poloniarra (zidarra) eta Daniel Waloe norvegiarra (brontzea) izan ditu lagun podiumean.

Urrezko dominea irabazi eta oraindino sinistu ezinik, Solabarrietak emoitzeagaz flipetan dagoala autortu dau: Oso ondo hartu dot posizinoa eta hori da garrantzitsuena diziplina honetan eta entzun dodanean sei puntuko aldea nebala bigarrenagaz alderatuz, banekian ez nebala huts egingo esan dau; motxila beteta noa, nazinoartean lortzen dodan lehen urrezko dominea da, lehiaketan izan ditudan munduko errekor biak (oina eta etzanda) alde batera itxita; beraz, ezin naz gusturago egon, adierazo dau euskal tiratzaileak eta argi dauka ospatu egingo dauela etxera heldukeran.

Nabarmentzekoa da azken txanda horretan Sonia Rivero malagarrak be parte hartu dauela, bigarren postuan izan baita eta Solabarrietaren atzetik probearen zatirik handienean eta laugarren postuagaz konformau behar izan dauela jaurtiketa bi egin ondoren.

Karabinadun tiroa

Bitxia emoten dau itsuentzako punteria kirol bati buruz berba egitea, izan be, hori tiro olinpikoan lortu da, kirolaren maminari eutsiz eta ikusmenaren noranzkoa belarriagaz ordezkatuz.

Probea egiteko, aire konprimiduko karabina bat erabilten da, mira teleskopiko berezi bategaz. Mira teleskopiko honek argia soinu bihurtzen dauen zirkuitu elektroniko bat dauka edo hari konektauta dago. Dianearen gaineko argiaren intensidadearen arabera, intensidade handiagoko edo txikiagoko tonoa emongo da. Mira teleskopikoak argiaren isla jasoten dau dianatik. Holan, tiratzaileak laguntzea entzun ahal izango dau aldean dituan entzungailuetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu