Javier de Isusi artista bilbotarrak diseinau dau 61. Itzuliaren kartela

Bizkaie! 2022-03-09 13:15   Kirola

Itzulia apirilaren 4an hasiko da Hondarribian eta apirilaren 9an amaituko da Arraten.

Gaur goizean aurkeztu dabe Itzulia Basque Country lasterketearen 61. edizinoaren kartela, Bilboko Arte Eder Museoan egindako ekitaldian. Azken hiru edizinoetan legez, Gerra Zibilaren aurreko tradizinoa berreskuratu ondoren, goi-mailako euskal artistek txirrindularitza-lasterketa historiko honen kartelak egiten zituelako, lan literarioen ilustrazinoa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi dauen personeak diseinau dau Itzuliaren kartela. Aurtengo edizioan Javier de Isusi artista bilbotarrak egin dau kartela, berak irabazi eban eta saria, Transparentes. Historias del exilio colombiano obreari esker.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak, Julian Eraso Itzuliaren antolatzaile dan OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak eta Javier de Isusi kartelaren egileak parte hartu dabe, Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariagaz batera, txirrindularitza lasterketearen kartela aurkezteko ekitaldian.

Aurkezpen ekitaldian, Zupiria sailburuak azaldu dauenez, Euskadi Literatura Saria irabazten duten sortzaileei egiten diegun enkargu honen bidez, beren lana erakusteko aukera berriak eskaini nahi dizkiegu, eta beren lanetan ohikoa ez den publiko batengana iristea lortu nahi dugu. Horrela, urte askotan kultura eta kirola uztartu zituen tradizioa berreskuratzea da helburua.

Kartelaren irudi nagusia bizikleta baten gainean pedalei eragiten deutsen figura bat dala adierazo dau egileak: Figura androginoa da, nahita, eta gizonezkoa edo emakumezkoa izan daiteke, izan be, txirrindularitzea ez da gizonentzat bakarrik eta Itzuliak gizonezkoen edizino bat eta emakumezkoen edizino bat ditu. De Isusik azaldu dauenez, marrazkia lerro jarraitu bakar bategaz egina dago, lasterketako errepideek eta bizikletearen kateak egiten daben lez. Lerro jarraitu horrek eregiten ditu irudi nagusia eta atzealdean dagozanak: ezkerretara, atzetik dauen pelotoia eta eskuinetara, euskal geografiaren lau ezaugarri laburbatzen dituan paisajea: mendia, itsasoa, herriak eta industria. Erabilitako koloreek be ezaugarri horreei egiten deutse erreferentzia: Itzuliaren letren gorria industriagaz lotuta dago, beste letren berdea euskal paisajearen kolore nagusia da eta irudiaren gris urdinxka eta bere itzalak Kantauri itsasora eroaten gaitu.

Sortze prozesuari buruz egileak azaldu dauenez, eskuz, arkatzez eta akuarelaz papel gainean egindako marrazkia da, teknika fisikoa, ez digitala eta fisikoa bizikleta gainean egiten dan ahalegina bezela. Halan da be, txirrindularitzeak teknologia be barrubatzen dau, batez be bizikletei jagokenez eta horregaitik marrazki osoari be aplikau deutsadaz ordenagailu bidezko kolore lauak. Kolore horreetako tonu horiak Itzuliaren irabazlearen maillotaren kolorea gogorarazoten dabe.

Javier de Isusik azaldu dauenez, lasterketa igaroten dan udalerrien izenak be agertzen dira kartelean, bizikletatik bertatik urtengo balebe legez.

Aurreko edizioetako kartelak Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak eta Miren Asiainek egin zituen. Guztiak Bilboko Arte Eder Museoan gordeta dagoz eta Gerra Zibilaren aurreko kartel asko be bertan gordeten dira. Horri egin deutso aitamena Museoko zuzendariak be: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta OCETA zoriondu nahi ditugu Itzuliari XX. mendeko lehen hamarkadetako tradizino luzea, Itzuliari eskainitako ilustrazino artistikoen tradizinoa, berreskuratzeagaitik. 2019tik, jatorrizko kartelak museoko bilduman sartu doguz eta, esango neuke, estaduko bildumarik osotuenetako bat dala, izan be, Javier de Isusiren 2022ko Itzulirako kartel ederraren aurkezpena Milton Glaser New York-eko diseinatzaileak dohaintzan emon barri dituan kartelei buruzko erakusketearen barruan egin dogu gaur.

Julian Eraso OCETA-ko presidenteak adierazo dauenez, lau urte daroaguz lankidetzan eta pozik gagoz. Lasterketeak aparteko garrantziia hartu dau Euskadiko gizartean, kirola eta kulturea buztartu baititu. Jente askok galdetzen deusku non lortu daitekezan kartel horreek, harro egoteko modukoa da gure lurralde osoa zeharkatzea bertako artisten lanakaz.

Javier de Isusi

Itzulia Basque Country 2022ren kartelaren egilea bilbotarra da, formazinoz arkitektoa baina bokazinoz eta lanbidez komiki egilea. Artistearen lanak frantsesera, euskerara, finlandierara, portugesera, alemanera eta polonierara itzuli dira. Juan Sin Tierra (2004-2011) eleberri grafikoen bildumeagaz egin ebandebuta, Latinoamerikara egindako bidaietan inspirautako seriea, Italian eta Erresuma Batuan unibertsidade-tesietan aztertu dabena. Oscar Wilderen La divina comedia lanari esker, 2020ko Komikiaren Sari Nazionala irabazi eban. 2020an Kolonbiako Egiaren Batzordearentzat Transparentes. Historias del exilio colombiano egin eban lan literarioen ilustrazinoaren atalean eta Euskadi Literatura Saria irabazi eban.

Itzulia Basque Country 2022

Apirilaren 4tik 9ra bitartean egingo da. Lehenengo etapea Hondarribian hasi eta amaituko da, bigarrena Leitza eta Viana artean egingo da, hirugarrena Laudio eta Amurrio artean, laugarrena Gasteizen hasi eta Zamudion amaituko da, bosgarrena Zamudio eta Mallabia artean eta seigarren eta azken etapea Eibarren hasi eta Arraten amaituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu