Virginia Díaz arraunlaria, 2021eko Getxoko kirolaririk onena

Bizkaie! 2022-03-02 08:50   Kirola

2021eko Getxoko kirolari onenak saritu ditue, hamabost kategoriatan.

Bart Olatua itsas-bidaien terminalean egindako Getxo Sasoi Sasoian kirol Galan hartu eban saria Diaz arraunlariak. Bigarren urtez jarraian hartu dau, baina aurreko edizinoan Jon Ander Garrido futbolariagaz konpartidu eban.

Ekitaldian Getxoko kirolari onenak saritu zituen 2021ean, hamabost kategoriatan.

Getxoko alkate Amaia Agirrek eskerrak emon eutsezan egindako lanagaitik eta alkartasunagaitik, konpromisoagaitik eta komunidadearen alde egindako lanagaitik: Aurrera egin gura dauen edozein gizarterentzat begiratzeko ispilua zarie. Zuen talentua, lana, hobetzeko pasinoa eta eskuzabaltasuna dira uriaren erronkei aurre egiteko eta aurre egiteko inspirau behar gaituen balioak. Getxoko kirola oso bizirik dago eta ni oso harro nago horretaz, adierazo eban alkateak.

Virginia Diazek ezin izan eban sari banaketan parte hartu Sierra Nevadan dagoalako entrenetan baina ekitaldian parte hartu eban bideo-dei baten bidez. Bideo dei horretan eskerrak emon zituan bere ibilbidean Getxon beti jaso dauen babesagaitik, horrek aukerea emon deust eboluzionetako, hobetzeko eta ilusinoa pizteko, orain talde nazionalagaz egon ahal izan arte, esan eban.

Saridunak

Senior sari nagusietan aitagarria da Areetako Raspas del Embarcadero klubeko Virginia Diazek Tokioko Olinpiar Jokoetan egindako lana. Seigarren postuaren diploma olinpikoari Munduko Kopako urrezko domina bat eta Europako Txapelketako brontzezko bat gehitu behar jakoz.

Seniorretan be Jose Basterra polito ibili zan Tokion. Belar-hockeyko estaduko Ligako txapelduna eta goleatzaile nagusiena izanik Madrilgo Club de Campo bere taldeagaz eta Final Fourreko MVP-gaz eta denporaldia zarratu eban diploma olinpiko bat irabazita.

Promesa onenentzako sariak izan ziran, emakumeen mailan, Getxo Ugerketako Irene Pera ugerlariarentzat, Espainiako Txapelketako 200 metroko proban eta Udako Espainiako Txapelketako bizkarreko 100 metrotan irabazitako brontzezko domina bi irabazi zitualako. Eta kategoria maskulinoan Jolaseta Errege Klubeko Bosco Vilallongarentzat, sub 19 Europako Txapelketako brontzezko domineagaitik.

Taldekako goraipamenak

Senior kategoriako sari femeninoa Raspas del Embarcadero klubeko taldearentzat izan zan, arraun-ergometroaren Espainiako Txapelketako urrezko domina bi eta brontzezko bat irabazi zitualako. Senior kategoria maskulinoan Getxo Saski taldeak jaso eban saria, EBA Ligara igoteagaitik. Junior kategoria femeninoan, Getxo Ugerketa taldeak merezidu eban autortzea, Espainiako Kluben arteko Kopako lehen mailara igoteagaitik. Eta junior kategoria maskulinoan, Abra Itsas Kirol Errege Klubari eta Sporting Errege Klubari, snipe klaseko Europako Txapelketan lehenengo postua irabazteagaitik.

Sari bereziak

Markea Hautsiz saria Jaime Lafitari emon jakon, ELA gaixotasunaren sensibilizazinorako eta ikerketarako funtsa batzeko egindako lan nekaezinagaitik.

Jorge Pineda arraunlari paralinpiko getxoztarrari, Espainiako taldeagaz Tokion bosgarren egiteagaitik.

Kiroltasuna saria Jesus Feijori eta Antonio Urrutiari emon jaken, Artaromo Klubean
erakutsitako dedikazinoagaitik.

Getxo Barrituz saria Iruka-ko Asier Elorduyri emon jakon.

Getxo Zabala, Getxo Rugbyren babeslea dan Solarpack enpreseari.

Bibiñe Belaustegogoitiak jaso eban Aitzindariak saria, tenisaren praktikan egindakoagaitik.

Getxo Atletiko Klubak Bardintasuna Indartuz saria irabazi eban, atletismo femeninoaren sustapenaren alde egindako ekarpenagaitik.

Azkenik, autortza bikotxa jaso eben Oroimenez kategorian, orain gitxi hildako Ceferino Elorza Txefe-k eta Jesús López Petxa-k, futbol getxotarragaz lotutako ibilbide luzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu