Kiroleko Dopinaren kontrako Legea Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dabe

Bizkaie! 2022-02-23 13:19   Kirola

315 izan dira igaz Agentziak egindako kontrolak.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondogaz batera, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskera eta Kirol Batzordean aurkeztu dau gaur Kiroleko Dopinaren kontrako bagilaren 21eko 12/2012 Legearen bigarren aldaketearen proiektua. Gaur onartutako testua 2021eko abenduaren 28ko Gobernu Kontseiluan onartu eben eta gaur hasierea emoten jako Eusko Legebiltzarreko tramitazinoari.

Kirolariak holan sailkatzen dira:

· Nazinoarte mailako kirolari federatuak.

· Nazinoarte mailakoak ez diran kirolari federatuak.

· Amateurrak: federatuta egon ez arren, lege honen aplikazio-eremuan sartzen diran kirol-lehiaketa edo jardueretan parte hartzen dabenak.

· Babestuak. Ondoren adierazotako egoeretako batean dagozanak:

o Dopinaren kontrako araudia haustean hamasei urte beteta ez dituenak.

o Dopinaren kontrako araudia haustean hamezortzi urte beteta ez dituenak, baldin eta kontrol-talde erregistratu batean sartuta ez badagoz eta ez badira inoiz lehiatu kategoria edegiko edo absolutuko nazinoarteko ekitaldi batean.

o Edadea ez dan beste arrazoi bat dala eta, indarreko legeriaren arabera gaitasun juridikorik ez dabenak.

Kirolari bakotxari eskatu ahal izango jakoz betebeharrak edo erantzukizunak.

Kiroleko Dopinaren kontrako Legearen bigarren aldaketeak beste erantzukizun bat be jasoten dau kirolarientzat, euren inguruko langileentzat eta botere publikoentzat, persona bati dopinaren arloko arau-hauste batengaitik zigor, diziplina edo administrazino-zehapen bat ezarri jakonean, ez jasotea harek emondako kirol-zerbitzurik. Persona horreen estaltzaile edo bitartekari lez jarduten dabenen aurreko loturea be sartzen da erantzukizun horretan. Arau hori haustea oso larritzat hartuko da.

Era berean, arau-hauste oso larritzat hartuko da edozein muetatako mehatxu bideratzea, dopinaren kontrako arauakaz, Dopinaren kontrako Munduko Kodean aurreikusitakoagaz edo lege honefgaz lotutako ustezko arau-hauste edo ez-betete bati buruzko informazinoa jakinarazpteko asmoa kentzeko. Kasu horretan, gertatutakoaren larritasunean eta zirkunstantzietan oinarrituta, eten, kendu edo eragotzi egingo da federazino-izentziaren lorpena, urte bitarako gitxienez edo betiko.

Dopinaren kontrako organoak bitan zatitu ahal izango dau kirolariari hartutako lagina, balizko arau-hausteen preskripzino-epearen barruan analisi barriak egin ahal izateko. Laginak gordeteko gehieneko epea 10 urtekoa izango da, jasotzn diran egunean zenbatzen hasita.

Araudi barriaren arabera, galarazotako substantzien eta metodoen zerrendan abusuzkotzat jotako substantzia batzuk sartzen dira: gizarte-eremu jakin batzuetan zenbaitetan erabilten diranak, baina kirol-errendimendua hobetzeko interes edo helburu barik. Arau-hausleak frogatu ahal badau substantzia hori lehiaketatik kanpo hartu ebala eta kirol-errendimenduagaz zerikusirik ez dauela, hiru hilabetekoa izango da etete edo desgaikuntza-aldia. Kasu horreetan, zaleak edo babestuak edo babestuak izan ezkero, kargu hartze hutsa izan daiteke aplikau beharreko zigorra, etenaldirik ezarri barik.

Aldaketearen arabera, arau-haustetzat hartuko dira honako jokabide honeek be, saiakera-maila sinplean eginak diranean, nahiz eta gauzatu ez:

· Kirolean baimendu bako substantziak edo metodoak erabiltea edo konsumidutea.

· Dopina kontroletako eta zigortzeko prozeduretako edozein elementu aldatzea edo faltsutzea.

· Kirolariei substantziak emotea, banatzea, eskaintzea, erraztea edo hornitzea edo kirola egiteko arauz kanpoko edo galarazotako metodoak erabiltea.

· Arauzkoak ez diran metodo edo substantziak erabilteko egoerak sustatzea, bultzatzea, eragitea edo erraztea.

· Kirol-zentroetan kirolean galarazotako substantziak eta metodoak ixtea, merkaturatzea edo banatzea, edozein modalidadetan.

Dopinaren kontrako agentzia

Bingen Zupiria sailburuak Dopinaren kontrako Euskal Agentziaren garrantzia nabarmendu dau Eusko Legebiltzarreko agerraldian eta 2021ean agentzian izan dauen jardunaren inguruko datu batzuk aurreratu ditu. Zupiriak azaldu dauenez, 2021 urte garrantzitsua izan da Dopinaren kontrako Euskal Agentziarentzat, izan be, pandemiaren astinduaren ondoren lortu dalako pandemia aurreko datuetara bueltetea, hain zuzen be, 315 izan dira igaz Agentziak egindako kontrolak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu