Aritz Aranburuk irabazi dau Capítulo Perfeito txapelketea
2022-02-21 09:46 KirolaBasque Teameko surflaria bigarren aldiz nagusitu da tuboak ardatz dituan jaialdian.
Aritz Aranburuk tuboetan disfrutetan dau gehien eta astegoienean barriro erakutsi dau errege izaten jarraitzen dauela olatuek sortzen dituen korridore harrigarriotan sartzen danean.
Capitulo Perfeito Portugalgo Carcavelos hondartzan tube rider nazional eta internazional onenak batzen dituan jaialdia da. Irabazleak bete-betean menperatu behar dau jaialdiko maniobra bakarra eta nagusia, hodia, olatuak 2 eta 3 metro bitartekoak diranean, tubularrak, ezkerreko eta eskuineko haize sikuagaz.
Neguko olatuen egunik onenean egiten da, aurten urtarrilaren 17tik martiaren 17ra bitartean zehaztuta. Orain egun batzuk surflari onenei deialdia egin jaken zezeilaren 19rako, izan be, olatuen eta haizearen iragarpenaren arabera, lau metrotik gorako olatuakaz etozan, iparraldeko haizeagaz batera.
Txapelketea astegoienean egiteko aukerea izan daben lehen aldia izan da, 2012ko lehenengo edizinotik eta, beraz, Aritzen talentuaren barri izan dabe Cascaisera hurreeratu diran zaleek.
Finalean zarauztarrak Cory Lopez estadubatuarra, Pedro Boonman portugaldarra eta Kiron Jabour hawaiarra izan ditu kontra. Aritz ez da lehen postuan jarri txandearen hasieratik baina 4.50eko eta 7.50eko puntuazinoei esker irabazi egin dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!