Getxon izango da 2022ko Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalaren inaugurazinoa

Bizkaie! 2022-02-16 13:37   Kirola

Zezeilaren 23tik 27ra, hainbat ekitaldi izango dira Muxikebarrin eta Getxo Alkartegian.

Datorren eguaztenean, zezeilaren 23an, Getxon, Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival 2022 jaialdiaren inaugurazino-jardunaldia egingo da, surfaren eta irristatze-kirolen inguruko diziplina ugariko lehiaketa ludiko eta didaktikoa; zezeilaren 23tik 27ra Bilboko Itsasmuseumen izango da eta, lehenengo aldiz, baita Getxon be. Bost egunean zehar zenbait ekintza gozau ahal izango ditugu: jarduera parte-hartzaileak, berbaldiak kirol eta ikus-entzunezko industriako pertsonakaz, erakusketak, skate txapelketea...

Iñigo Urkitza Getxoko Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan adierazo dauenez, ekitaldi hau bat dator udalerriko plan estrategikoagaz, zeharka eragiten dauelako ezarritako hainbat helburutan, geure baliabideak eta azpiegiturak optimizetako orduan edo Getxo kokatzean kultura, kirol eta ongizate-esperientzien erreferente legez. 2020-2023 Legegintzaldi Planean ezarritako erispideakaz be bat dator, kulturea sustatzeari jagokonez, gure udalerria bereizgarritzat hartuz Euskadiko abangoardia kulturalean. Jaialdi hau, beraz, surfaren, itsasoaren eta irristatze-kirolen arloko enpresen, profesionalen eta zaleen katalizatzaile lez ikusten dogu.

Getxoko egitaraua

Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalaren inauguretako eguna hilaren 23a izango, goizeko 09:30etik aurrera, Muxikebarrin, herriko ikastetxeetarako goizeko proiekzinoak eskainiz. Proiekzinoak informazino- berbaldiakaz eta hezkuntza-tailerrakaz batera egingo dira, kultura eta kirola sustatzeko eta ingurumenari errespetua adierazoteko eta inklusino eta dibersidadea bultzatzeko, horreek izanik surfaren munduak transmitidu beharreko gai eta balio nagusiak.

Goizeko 11:30ean, Getxo Alkartegian, Sustapen Ekonomikoaren egoitzan, mahai-ingurua izango da eta bertan parte hartuko dabe Getxon eta Euskadin ikus-entzunezkoen industriako erreferente eta profesionalek, besteak beste, Jon Aspuruk, Edu Bartolomek, Kepa Acerok, Arrate Aranak, Alex García de Vicuñak (Marmoka Films), Itziar Garcíak (Cholitas eta Pura vida filmen zuzendaria) eta
GetxoExpressen ordezkariek hartuko dabe parte.

Arratsaldean, 19:00retan, Muxikebarriko Ereaga aretoan, erakundeetako eta parte hartzen daben sektoreetako (ikus-entzunezkoak, kirola, kulturea, ekonomia) ordezkariek jaialdiaren inaugurazino ofizialean parte hartuko dabe, streaming bidez (Twitch). Zortzi film proiektauko ditue, horreetatik 4, sail ofizialean lehiatuko dira: By Women, Diario de África, Arcadia eta Natxo González Reels, azken bi horreek Kepa Acero eta Jon Aspuru getxoztarrenak, hurranez hurran. Proiekzinoetara joateko sarrerearen prezioa 7 eurokoa da.

Jardunaldia amaitzeko, topaketa labur bat egingo da Barinatxe aretoan enpresakaz eta profesionalakaz.

2022ko Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival Jose Angel Delgado jaialdiaren zuzendariak adierazo dauen bezela, jaialdia hitzordu bikaina da, ludikoa eta didaktikoa da, surfaren uniberso zinematografikoa sustatzea helburu dauena.

Zinemea, erretratugintzea, kirola, berbaldiak, musikea eta hezkuntzea alkarregaz bizi dira Itsasmuseumaren inguruan. Jarduerak eraikinaren barruan eta inguruan egingo dira: auditoriumean, skate parkean, zabalgunean zein itsasadarrean. Film batzuk Filmin plataforman ikusi ahal izango dira eta programako jarduera asko streaming bidez (Twitch).

Jarduera horreetako hiruk protagonista getxotarrak izango ditue: Kepa Acerok 5 olatu, 5 kontinente erretratu-erakusketea aurkeztuko dau eta surf taula iraunkorren fabrikazinoari buruzko tailer bat zuzenduko dau; gainera, Bonzos taldeak punk-rock kontzertua eskainiko dau museoko zabalgunean, hilaren 27an, domekan, 13:00ean.

Informazino gehiago, jardueren programea eta sarreren salmentea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu