Miamiko 39. Festibalean izango da 'Maixabel'
2022-02-08 08:45 ZinemeaGoya Sarietarako 14 izendapen ditu Iciar Bollaínen filmak.
Ozeanoaren beste aldera salto egingo dau martian Maixabel filmak, Miamiko 39. Festibalerako aukeratu dabe eta. Pandemiaren eraginez, formatu hibridoan egingo dabe aurtengo edizinoa, eta Iciar Bollaínen filma egun bitan ikusi ahal izango da: martiaren 6an eta 8an. Jaialdia bera hil horren 4tik 13ra bitartekoa izango da.
Ibilbide polita egiten dabil nazinoarteko jaialdietan Maixabel. Ganera, ospe handiko sariak irabazi ditu, eta, hortaz, Goya Sarietan faborito nagusietako bat da. Zezeilaren 14an egingo dan galan, 14 kategoriatan ditu izendapenak.
Besteak beste, film onenaren kategorian da hautagai Maixabel, eta zuzendari onena izateko izentau dabe Iciar Bollaín be. Aktoreen taldeari jagokonez, hautagai dira Luis Tosar (gizonezko aktorerik onena), Blanca Portillo (emakumezko aktorerik onena), Urko Olazabal (bigarren mailako aktorea) eta Maria Cerezuela (aktore barri onena).
Filma girotzen dauen Alberto Iglesiasen musikeak be kritika bikainak izan ditu. Goya Sarietan, soinu-bandarik onenaren atalean dauka izendapena. Jantziak, makillajea, soinua, muntaketea... Danetariko ataletan da hautagai Maixabel.
Koldo Zuazua produktoreak Zineuskadi atarian egin dituan adierazpenetan azaldu dau ez zituela horrenbeste izendapen espero. Kritikak eta ikusleen eretxiak kontuan izanda, eta Donostiako Zinemaldian aurkeztutako pelikulek leku zabala izaten dabela Goya Sarietan, hautagaien artean egotea aurreikusita euken, baina ez eben pentsau hamalau izendapen batuko zituenik.
Maixabel Lasa da pelikulako protagonistea, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna. Hilketatik hamaika urtera, Jauregi hil ebenetako batek Maixabel Lasagaz bat egin eban, jazotakoaz berba egiteko asmoz. Zalantza ugari izan arren, Lasak baiezkoa emon eutsan. Prozesu guztiaren barri emoten dau Iciar Bollaínen filmak.
Filmaketea emozino ugariz beteta egon zan, eta eszena batzuk zuzenean bizi izatea oso hunkigarria izan zan, adierazo dau Zuazuak. Bizikidetzeagaz eta alkarrizketeagaz konpromisoa erakusten dau, eta jenteak hori kontuan hartu dau.
Lantzen dauen gaiagaitik, eztabaida handia sortuko ebalakoan egozan Maixabel-en produktoreak, baina azkenean gizarteko sektore gehienen oneretxia izan dabelako pozik dago Zuazua: Niretzat gauzarik harrigarriena da ideologiaz eta geografiaz oso desbardinak diran sektoreetan eretxi onak sortu dituala. Ezker abertzaleak zein Espainiako eskuma konserbadoreak ondo hartu dabela uste dot.
Zuazuak Goya Sariak irabazteko aukerarik handienak ikusten ditu Blanca Portillogaz, Urko Olazabalegaz eta Alberto Iglesiasegaz. Ganerako kategorietan zalantza handiagoak ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!