Saskibaloiko Champions League-ko finala Bilbon jokatuko da

Bizkaie! 2022-02-07 11:25   Kirola

Lauko final formatua izango dau, maiatzaren 6tik 8ra.

Europako saskibaloiaren urteroko hitzordu handietako bat da Txapeldunen Ligako edo Basketball Champions League-ko lauko finala. Aurtengoa Bilbon jokatuko dala aurreratu dau Udalak, eta horrek esan nahi dau txapelketako lau talderik onenak etorriko dirala azken txanpea jokatzen.

Maiatzaren 6tik 8ra izango da 2022ko Champions League-ko finala, Bilbao Arena pabilioian. Lehenengo egunean, finalaurreetako kanporaketa biak jokatuko dira eta, 8an, bi onenak lehiatuko dira azken partiduan. Momentu honetan, final zortzirenetako fasean dago txapelketea eta, beraz, ezin da jakin ze lau talde etorriko diran Bilbora.

Seigarren edizinoa izango dau Champions League-ko finalak formatu honetan. Txapelketan talderik izan barik finala hartuko dauen lehenengo uria izango da Bilbo. Beste behin be, agirian geratu da Bilbo uri erakargarria dala kirol arloko nazinoarteko ekitaldi handietarako, adierazo dau Juan Mari Aburto alkateak. 

Espainiako Saskibaloi Federazinoa be tartean izan da finalaren egoitzea Bilbora eroateko prozesuan. Erakunde horretako presidente Jorge Garbajosak azaldu dauenez, ekitaldi handi hau antolatzea ez da lan erraza, baina jokalekua hain da handia eta Bilboko agintarien esperientzia ezagututa, eta Surne Bilbao Basket klubaren eta interesa daben alderdi guztien laguntzinoagaz, ahalegin guztiak egingo doguz ahalik eta ekitaldirik onena izan daiten.

Basketball Champions League-ko arduradun Patrick Comninosek be egin dau berba: Jakin dogu zer gogo bizia erakutsi dauen uriak ekitaldi historiko hau antolatzeko, eta espero dogu alkarregaz lan egin ahal izatea denporaldi amaierako txapelketa zoragarri bat eskaintzearren.

Miribillako Bilbao Arenan 10.000 ikusle sartzen dira. Pabilioian ez eze, uri osoan be finalistei harrera bikaina egingo jakelakoan dago Juan Mari Aburto: Nire nahia da zaleek eta bisitan etorriko jakuzan bisitari guztiek gozau deiela ikuskizun on batez, eta baliatu ahal izan deiela aukera hau gure uria, gure gastronomia, gure merkataritzea eta dendak eta gure tradizinoak ezagutzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu