Imanol Rojok emoitza olinpikorik onena egin dau banaka
2022-02-07 10:13 KirolaBasque Teameko eskiatzaileak 21. postuan amaitu dau eskiatloiko 15km+ 15km-tan.
Material onena bilatuz eta Zhangjiakou inguruko iraupen-eskiko zentro nazionalaren pistara egokituz, aurreko entrenamenduak erabagigarriak izan dira. Tolosarra bikain heldu da Beijingeko Jokoetara, Sotxi 2014 eta Pyeongchang 2018 jokoen esperientzia pilatuz. Azken urteetako Munduko Kopetan eta Oberstdorfeko Munduko Txapelketan lortutakoak be esperantzaz beteriko erreferentzia pozgarriak izan dira.
Azken urteetan Rojo munduko 30 onenen artean sailkatu da eta gaur be maila handia erakutsi dau. Imanol Rojo kapaz izan da lasai egoteko eta iraupen-eskian tradizino handiko munduko potentziei aurre egiteko.
Imanol Rojok probearen lehen zatian sensazino onak izan ditu eta Niskanen finlandiarraren eta Bolshunov errusiarraren erasoei eutsi deutse.
Zirkuituaren gogortasunak erakutsi dau faborito nagusiak zirala baina iragarpenen kontra, ez dabe lasterketa onik egin, izan be, 1.600 metroko altueran, pista oso gogorra izan da lehiakideentzat; sekula ikusi bakoa da parte-hartzaile guztientzat eta, askotan, arrastoa erabilteari itxi behar izan deutse.
Imanol Rojo lehen 30en artean egoten saiatu da probaeren lehen zatian, baina benetan bigarren zatian, patinatzaile estiloko 15 kilometroetan, egin dau hobera eskiatzaile tolosarrak. 16.3 kilometroan 23. postuan kokatu da eta 20,1 kilometroan 24ra bajatu dan arren, 23.8 kilometrotik aurrera inork ezin izan deutso 21. postua kendu. Imanolek lasterketa bikaina egin dau, Alexander Bolshunov errusiarrarengandik 4:59.4ra helmugaratuta. Zidarra Denis Spitsov errusiarrarentzat izan da eta brontzea Livo Niskanen finlandiarrarentzat.
Imanol Rojok 49. postuan amaitu eban eskiatloi probea 2014ko Sotxiko Jokoetan eta 46. postuan Pyeongchangeko Jokoetan.
Imanol Rojo (Tolosa, 1990-11-30)
Imanolek, 5 urte zituala, anaia zaharragaz, gaur egun bere teknikaria dan Iosebagaz hasi zan eskietan eta ordutik horretan dabil. Hamaika urtegaz Uzturre Alkarteagaz lehiatzen hasi eta 15 urtera arte jasotako emoitzei esker esdatuko taldean sartu zan 2005ean. Nazinoarteko hainbat txapelketetan ibili da, Europako txapelketetan, Munduko Kopetan, Munduko txapelketetan eta garrantzitsuenaK: 2014ko Sotxiko Olinpiar Jokoetan, Errusian, eta 2018ko Pyeongchangeko Jokoetan, Hego Korean. Errusian eskiatloian (50. postua), 1,4km sprint proban (60. postua), 15 kilometro estilo klasikoko proban (50. postua) eta 50 kilometroko mass start proban (33. postua) hartu eban parte. Korean eskiatloian (49. postua), estilo libreko 15 kilometrokoan (62. postua), 50 kilometroko mass start proban (35. postua) eta taldekako proban (19. postua) lehiatu zan.
Imanol Rojok iraupen-eskia maite dau. Tolosako kaleak asfaltoz jantzitako kaleak dira. Edurra ez da heltzen bertara, baina iraupen eskiak lotura estua dau bertako jenteagaz. Orain mende bat Norvegiako herritar batzuk etorri ziran Tolosara, industria indartsuaren boladea zan eta aurrerago tolosar askorentzat kirol maitea zana zabaltzen hasi zan, iraupen eskia, hain zuzen be. Urteek aurrera eginda, tolosar askok lekuko horri heldu eutsen, tartean Rojo anaiek. Egun, Imanol olinpiar Jokoetako iraupen eskian lehiatu dan bigarren euskalduna da. Beste tolosar bat izan zan lehenengoa: Haritz Zunzunegi. Nagano eta Salt Lake Cityn ibili zan, Imanol eta Joseba Rojo nerabeak zirala.
Imanolek 2016an irabazi eban maratoien Europako txapelketako titulua eta 2017an be emoitza onak etorri ziran: Espainiako txapelketea esprintean eta estilo klasikoan, Dolomitenlauf Lienz txapelketan lehen hamarren artean geratu zan eta Lahtin jokatutako Munduko txapelketan parte hartu eban. 2019-2020 denporaldian oso emoitza onak lortu zituan Munduko Kopan: Nove Meston lortutako 26. postua. 2020-2021 denporaldian hori gainditu eban gainera, Tour de Skiko Val di Fiemmeko lasterketan 18. postuan sartu zanean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!