Euskeraz eskainiko dira futbol entrenatzaile ikastaroak

Bizkaie! 2022-02-03 08:41   Kirola

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Gipuzkoako Futbol Federazinoak erakunde bien arteko alkarlana aurkeztu dabe Reale Arenan egindako jardunaldian. Lankidetza honi esker, futbol entrenatzaile izateko UEFA ikastaroak lehenengoz eskainiko dira hizkuntza gitxitu batean eta euskerea da hizkuntza hori.

Eusko Jaurlaritzeak 2021eko garagarrilean jarri eban martxan Kirolean Euskerea Sustatzeko Plana 2021-2024. Egitasmo honen oinarri nagusietako bat trebakuntzea euskeraz sustatzea da. Talde-kiroletan erreferente diran entrenatzaile eta epaileak euskeraz trebatuko dirala jasoten dau egitasmoak; holan, gazteen euskerearen erabilerea modu naturalean handitzea da asmoa. Lehentasuna oinarrizko mailetan jarri da, kategoria bajuenetan dabizen entrenatzaile eta epaileak baitira hizkuntza-ohituretan eragiteko aukera gehien dabenak.

Planaren diagnostikoaren arabera, futbola da nagusi 8 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazte kirolarien artean. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren enkarguz Gipuzkoako futbol klubetan Aztikerrek 2019an egindako azterketeak dakarenez, edade tarte horretako gazteen hamarretik bost dabil futbolean. Hori dala eta, Kirolean Euskerea Sustatzeko Planaren barruan lehentasuna emon jako 18 urte bitarteko futbol federatuan euskerea sustatzeari. Plana izakera integralekoa da, ez da jokalarien jardunera mugatzen, izan be, adituen ustez gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko behar-beharrezkoa da entrenatzaile eta eta epaileen artean be eragitea. Gipuzkoako futbol federazinoak be, gaztetxo eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko asmo sendoa dau eta 2021etik lankidetzan dabiz erakunde biak.

Bingen Zupiria sailburuak jardunaldian azaldu dauenez, “kirola, kasu honetan futbola, gure gazteen sozializazino-eremu oinarrizkoetako bat da, eskolaz kanpoko jarduera nagusia eta horrek estrategiko bilakatzen dau euskerazko erabilera ohiturak finkatzeko bidean”.

Prestakuntzea euskeraz

Aitatu lankidetzeari esker, euskeraz eskainiko dira entrenatzaileen UEFA B eta UEFA C ikastaroak eta, beraz, Europako futbolaren erakunde nagusiak homologautako ikastaroak lehenengoz emongo dira hizkuntza gitxitu batean.

Badagoz erakunde bien artean lankidetzarako bestelako eremu batzuk be:

· Entrenatzaileei zuzendutako hizkuntza-estrategien gaineko ikastaroa jarri da Federazinoaren eskura eta dagoeneko jaso dabe formazino hori entrenatzaile-eskolako irakasleek. Hemendik aurrera, UEFA B eta UEFA C ikastaroetako ikasleen lehen ikasgaia izango da hizkuntza-estrategien gaineko ikastaroa. Horrezaz gan, dagoeneko entrenatzaile titulua dabenei be eskainiko jake modulua. Lorpen handia da hori, hemendik aurrera Gipuzkoako futbol entrenatzaileei jokalari gazteakaz euskeraz egiteko eta eusle lana egiteko tresnak emongo jakezalako.

· Futbol-epaileei zuzendutako hizkuntza-estrategiei buruzko prestakuntza berezitua be eskaini gura da.

· Federazinoaren barruko lurraldeko kirol-eskoletan hizkuntza-baloreak txertatzen hasteko konpromiso sendoa hartu da, beste balore batzuekaz egiten dan bezela: bardintasuna, taldetasuna, lehiarik eza...

· Behe-mailetako lehiaketen partiduetan epaile euskaldunak programetan hasteko asmoa dago.

· Euskerea balorean jarriko dauen lurralde mailako txapelketea atontzeko asmoa be badago eta hor parte hartuko dabe denporaldi horretan euskerearen aldeko urratsak emon dituen Gipuzkoako klubek.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Gipuzkoako Futbol Federazinoaren arteko akordioa 2025-2026 denporaldiaren amaierara arte egongo da indarrean.

Jardunaldia

Futbolean euskerea sustatzea helburu dauen lankidetza honen barri emoteko jardunaldia egon da Reale Arenako auditorioan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaileak eta Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazinoko presidenteak emon deutse hasierea jardunaldiari. Ondoren, Ekhi Zubiria, Josu Zubia eta Estiñe Astorkia adituek Gipuzkoako Futbol kluben egoerearen azterketea, UEFA ikastaroak eta hizkuntza estrategien modulua azaldu ditue. Jardunaldia amaitzeko, Euskara kirolean nola txertatu? izenburupean mahai-ingurua egin dabe Beñat Larrañaga Gipuzkoako Futbol Federazinoko presidenteordeak, Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendariak eta Aritz Olagoi KEES metodologiaren sortzaileak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu