2023ko Frantziako Tourrak hiru egun egingo ditu Euskal Herrian

Bizkaie! 2022-01-27 08:22   Kirola

Hasteko, Bilbon hasi eta amaituko dan etapa zirkularra.

Christian Prudhomme, Gasteizen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurretik be gauza jakina zan 2023ko Frantziako Tourra Bilbon hasiko zana, eta lehenengo kilometroak euskal errepideetan egingo zituana. Gero, hiru etapa izango dirala zabaldu zan eta, azkenik, Gasteizen egindako agerraldi baten, txirrindulariek Euskal Herrian egingo daben ibilbide zehatzaren barri emon dabe Tourreko eta erakunde publikoetako arduradunek, tartean Jaurlaritzakoek. 

Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan dira aurkezpen ekitaldiko buru. Han izan dira, ganera, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, Bizkaiko Unai Rementeria, Gipuzkoako Markel Olano eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako alkateak. Izan be, EAEko hiru lurraldeak eta hiru uriburuak bisitauko ditu lasterketeak datorren urtean, eta Lapurdi eta Baiona be bai.

Grand Départ Pays Basque izena emon deutse 2023ko Tourraren hasikereari. Hiru etapa izango dira, Frantziako lurretan sartu baino lehen. Bilbon hasi eta amaitu, lehenengo egunean; Gasteiztik Donostiara gero; eta hirugarrenik, Zornotzatik Baionara.

Frantziako Tourra Euskaditik abiatzea ahalegin kolektibo baten ondorio dala azpimarratu dau Iñigo Urkulluk: erakunde nagusiok bat egin dogu. Gure nahia da nazinoarteko ekitaldi honen bidez Euskadi zer dan, eta munduan zer izan nahi dauen, ezagutarazoteko aukerea baliatzea. Lehendakariak gogoan izan dau pandemia, baina espero dau datorren urteko udarako osasun baldintzak egokiak izatea halako ekitaldi bat hartzeko. 2023an errealidade barri bat ezagutu ahal izateko itxaropena dogu eta izan dadila datorren urteko Tourra bere osotasunean biziteko aukerea emongo deuskuna.

Lehenengo hiru etapen ezaugarriak honeek dira:

- 1. etapea, Bilbo-Bilbo, garagarrilaren 1ean (185 km). Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da, uriburuan hasi eta amaituta. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbea zeharkatuko ditu, tartean Gernika bi aldiz. Etapa gogorra eta amaierea be halakoxea, Vivero eta Pike Bidea igongo dituelako azken kilometroetan.

- 2. etapea, Gasteiz-Donostia, garagarrilaren 2an (210 km). Arabako uriburuan hasi eta goi-lautadatik itsasorantz egingo dabe, Donostia helburu. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoereagaz egingo dabe topo txirrindulariek, Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean.

- 3. etapea, Zornotza-Baiona, garagarrilaren 3an. Txirrindularitzea barru-barrutik bizi dauen herria da Zornotza, eta Tourreko txirrindulariei harrerea egiteko ohorea izango dau. Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan ibiliko dira, barriro Donostiatik pasauta, eta Lapurdiko kostaldetik helduko dira Baionara. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu