Irati Idiakezek zidar bi irabazi ditu Lillehammerreko Munduko Txapelketan

Bizkaie! 2022-01-24 07:50   Kirola

Irati ez zan hasi snowboardean umezaroan.

Irati Idiakezek, Kirol Egokituaren Euskal Federazinoak eta Basque Team Fundazinoak martxan jarritako bikaintasun-proiektuaren kideak, erantzun bikaina emon dau Hafjell mendialdean. Gipuzkoarrak bigarrenez igon daa podiumeko bigarren postura Norvegiako Lillehammer urian jokatzen dabizen Edurrezko Kiroletarako Munduko Txapelketan.

Burruka gogorra izan dau Monika Kotzianigaz baina azkenean SB-UL (ezgaitasuna goiko gorputz-adarretan) kategorian poloniarrak gainditu dau, snowboarder bien arteko lehian.

25 urteko Getariako kirolariak handigurea eta progresinoa erakutsi zituan SB-UL klasean podiumeko bigarren lekura igoteko banked slalom diziplinan (kurba alkarlotuak, dubbiak eta peralteak dituan trazadura zorrotzean zehar ateak ebitau behar ditue). Finalean jausi egin zan baina bigarren izateko probea amaitu eta Monika Aleksandra Kotzian poloniarrak baino ez eban gainditu.

Iratik zirkulazino-istripua izan eban Txilen orain bost urte eta eskuineko besoan anputazino bat izan eban; orduan emon zituan lehen urratsak snowboardean. Denporaldi pare bat besterik ez daroaz tauleagaz eta bere potentziala zein izan daitekeen erakusten hasi da. Norvegiako Lillehammer uriko Munduko Txapelketan irabazitako zidarrezko domina bi horreekaz Irati Idiakezek hurrengo hitzordu handietarako hautagai izan daitekeela erakutsi dau. Manel Maestre entrenatzaileak gidatuta Arango Haraneko Neguko Kirol Egokituaren Zentroan (CDIA), Basque Teamek eta Kirol Egokituaren Euskal Federazinoak bultzatutako bikaintasun proiektuak finantziauta, Idiakezek orduak emon ditu beharrean. Irati bigarrena da estadu mailan munduko txapelketa batean dominea irabazten, Astrid Fina kataluniarrak 2019ko Pyhän (Finlandia) brontzea irabazi ondoren.

Munduko txapelketako dominez gan, Iratik hiru metal irabazi ditu denporaldi honetan Munduko Kopan: zidarra Landgraafen (Holanda) eta Pyhän (Finlandia) eta urrea Hochfügenen (Austria).

Irati Idiakez (Getaria, 1996-10-22)

Irati Idiakezek snowboard egokituaren nazinoarteko izarretako bat izateko lanean dabil, Astrid Finaren ondorengoa. Kirol Egokituaren Euskal Federazinoa, Basque Team, Espainiako Batzorde Paralinpiarra, Ezintasun Fisikoa daben Personen Kirolen Espainiako Federazinoa eta Aran bailarako Neguko Kirol Egokituen Zentroa (CDIA) alkarregaz dabiz lanean haren etorkizuna bermatzeko.

Irati ez zan hasi snowboardean umezaroan, kirol honetan orain bost urte hasi zan, Gizarte Langintzako azken urteko lehen seihilekoan Erasmus beka bati esker Txilen ikasten ebilela izandako trafiko-istripu baten ondoren. Istripu horren ondorioz, eskuineko besoa galdu eta kirolariaren bizitzea aldatu egin zan.

Istripuak ateak edegi deustaz. Gatxa da besoa galdu izana, baina gero jaso dodana upealakoa izan da. ezbeharrik barik, ohiko bizimodua izango neban: karrerea, lana eta kirol apurbat. Baina snowboardari esker, bizimodu aldaketa erabatekoa izan da eta aukera parebakoa. Oso zoriontsua naz snowboardean adierazo dau.

Kirol Egokituen Euskal Federazioaren deia jaso ebanean, ez eban gehiegi pentsau eta Baqueira Beretera joan zan. Lehen egunean ez ekian zelan zutunik jarri eta makinatxu bat kolpe eta ubeldura izan zituan arren, aurrera egitea erabagi eban. Laster sartu zan Espainiako selekzinoan eta 2019ko amaieran debuta egin eban Landgraafeko (Holanda) Europako Kopan. Idiakezen lehen Munduko Kopa Hafjellen (Norvegia) izan zan 2020an, pandemiak eztanda egin ebanean. Bosgarren amaitu eban banked slalomean, SB-UL kategorian (ezintasuna goiko gorputz-adarretan), baina ezin izan eban boarderkrosean lehiatu, konfinamendua dekretau baitzan.

Irati Araneko Neguko Kirol Zentro egokituan (CDIA) bizi eta entrenetan da. Bertan buru-belarri dabil da eta oso denpora tartea txikian sekulako aurrerapenak lortu ditu. Helburu nagusia, ahalik eta azkarren, Milan-Cortina d 'Ampezzoko (Italia) Joko Paralinpikoetarako prestatzen jarraitzea da, bere kategoria, SB-UL, ez baitago Pekin 2022rako aurreikusita, baina bai 2026ko hurrengo hitzordurako.

Denporaldi honetako helburua puntuak lortzea eta nazinoarteko sailkapenean gora egitea da, autortu dau. Eta, epe luzera, joko batzuetara joatea da nire amesa..

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu