Amador Granadosek agur esan deutso lehiari
2022-01-19 09:41 KirolaHogei urte baino gehiago goi mailan ibili ondoren.
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak lagunduta, Amador Granadosek kirolari lez goi maileari agur esan deutso.
Bizitza oso bat gehien gustetan jakonari eskainia: txirrindularitzeari. Diziplina hori, hasieran, bitarteko terapeutikoa izan zan jaiotzetik eban deformazinoa arintzeko, sortzetiko ‘oin kurbatu’ izeneko gatxa osatzeko eta arrakasta askoren iturri bihurtu zana.
Orain, 54 urte dituala, Amador Granadosek amaierea emon deutso eliteko txirrindularitzan egin dauen ibilbide bikainari, hamarkada bitan maila gorenean ibili ondoren. Azken jazoerek, besteak beste, Tokioko Jokoetan parte hartu ez izanak, erabagia aurreratzea eragin dabe. Japoniako uriburuko Jokoak egin aurretik, bere laugarren hitzordu paralinpikoan egoteko lehian gogor ibili arren ez eban lortu: Ez da erabagi erraza izan. Hiru Jokogaz eta domina bategaz noa, bost hitzordutan parte hartu eta hiru irabazi behar izan nituanean. Baina pozik nago esan dau Amadorrek.
Amador Granadosen palmares nazionala oso zabala da: 13 titulu ditu kilometroko proban, bere proba gogokoenean. Pistan 20 urre ditu, 20 zidar eta 6 brontze, eta errepidean 9 urre, 13 zidar eta 9 brontze. Belodromoaren eta errepidearen artean, Espainiako txapelketetan, 77 domina ditu, urre, zidar eta brontze artean.
Halan da be, estadu mailako lorpen horreei guztiei nazinoarte mailan lortutako guztia gehitu behar jake; gogoan hartu behar dira 2014ko Aguascalienteseko (Mexiko) Munduko txapelketeari, baita errekorra be eta munduko hitzorduetan irabazitako gainerako dominei: hiru brontze kilometroko proban eta hiru zidar eta lau brontze taldekako abiaduran. Horrezaz gan, Europako txapelketetan zidar bi eta brontze bat pilatu ditu kilometroaren proban.
Aitamen berezia merezidu dabe Paralinpiar Jokoetan egindako parte-hartzeek: Granados hiru Jokotan lehiatu da, Atenasen, 2004an, diploma bi irabazi zituan, bat kilometroan eta beste bat jazarpen proban. 2008n, Pekinetik beste diploma bategaz bueltau zan eta Rio de Janeiroko hitzorduan, 2016an, bere amesa bete eban taldekako abiadura-proban brontzezko domina bat irabazi ebalako, Eduardo Santas eta Alberto Cabellogaz batera.
Basque Teameko bekea jaso dauen kirolariaren ustez, suberte handia izan dot urte honeetan guztietan eta eskerrak emon gura izan deutsadaz nire inguruari, nire inguru guztiari emon deustien indarragaitik. Beti ondo babestuta egon naz Zuzenak Fundazinoagaz, nire klubagaz, Ainhoa Artolazabal eta Emaitz Izagirre nire entrenatzaileagaz eta nire bikotekide eta bizitzako lagun dan Fabiolagaz; eta, jakina, Basque Team Fundazinoari eskerrak emon gura deutsadaz, ezinezkoa izango litzatekeelako kirol-ekitaldiei aurre egiteko beharrezkoa dan prestakuntza izatea, beken bidez jasotako haren laguntza barik. Danek zerikusi handia izan dabe nire kirol-ibilbidearen egonkortasunean baieztatu dau Amadorrek.
Amador Granadosek denpora hartu behar dau familiaz gozetako eta azken lesinoetatik osatzeko iztai-hernia baten ebakuntzea gainditu eta orno bat hausi ondoren, baina, aldi berean, ez dau txirrindularitzatik erabat aldendu gura. Gipuzkoarrak Euskadiko paraziklismo hautatzaile lanetan jarraituko dau.
Amador Granados Basque Teami lotuta urte gehien emon dituan kirolarietako bat da eta Fundazinoaren sorkuntzatik kide izan da, 2008tik.
Amador Granados (Usurbil, 1967-05-15)
Familia apal batean jaio zan, orain Lasarte-Oriari jagokon baina sasoi haretan Andoain herriarena zan Talokale auzoan. Bertan bizi izan zan 10 urte bete zituan arte, orduan bere familia Usurbilera joan baitzan biziten eta han hasi zan kirolean. Horregaitik, Usurbilgotzat dauka bere burua, Andoiango udalerriagazko errespetu eta maitasuna dauen arren.
Kirolak aparteko garrantzi izan dau beti haren bizitzan. Futbola da bere pasinoa, futbolari izan nahi eban baina jaiotzetik oineko deformazino batek galarazo eutson.
Errehabilitazino-bide eta tresna terapeutiko lez hartu eban txirrindularitzea. Granadosen aita A.D.C. Michelin talde zikloturisteagaz ibilten zan eta laster eroan eban. Lehenengo iibiltaldiak ez ziran oso atseginak izan, 40 kilometroko distantzia luze egiten jakona, ia ezinezko bihurtzeraino.
Dana dala, denporearen poderioz, zikloturista bat gehiago izatea lortu eta hori sano garrantzitsua zan, hola ezintasunik bako jentearekin neurtu ahal zitualako indarrak. Taldekideakaz konparetan eben eta ezintasuna ahaztu egiten eben, oinak barriro lurrean jarri arte. Olgeta moduan hasitakoa lan bihurtu zan.
Lehenengo lehiaketak heldu ziran, pistan nahiz errepidean: Espainiako txapelketak, Europako txapelketak, Munduko txapelketak... Eta azkenik Paralinpiar Jokoak: Atenasen (2004), Beijingen (2008) eta Rion (2016) lehiatu da, beti familiak babestuta. Horreek lagunduta, kirol-palmares handia lortu dau eta, bertan, Europako eta Munduko txapelketetan lortutako domina ugarien gainetik, Rio 2016ko Paralinpiar Jokoetan taldekako abiadura-proban irabazitako brontzea eta Aguascalientesen (Mexiko) irabazitako Munduko titulua (munduko errekorra) nabarmentzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!