Euskereak leku zabalagoa dau 2022ko Miarritzeko Fipadoc jaialdian
2022-01-18 10:24 ZinemeaNazinoarteko dokumental bikainak ikusi leitekez urtarrilaren 23ra arte.
Martxan da asteon Miarritzeko Fipadoc, Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren 2022ko edizinoa. Astelehenetik domekara, zazpi egunez bertoko eta kanpoko film barri-barriez gozau leike publikoak, hainbat kategoriatan banatutako programazino zabalari esker: 200 film, topaketak eta berbaldiak.
Aurtengo edizinoaren berezitasun bat euskereari egin deutsen lekua da. Batetik, film batzuetan euskerazko azpitituluak ipiniko ditue; bestetik, euskeraz egindako dokumental bat dago egitarauan.
Marc Parramon eta Amets Arzallusen Altsasu. Gau hura da Miarritzen ikusi ahal izango dan euskerazko filma. 2016ko urrian Guardia Zibilaren eta gazte batzuen arteko jazotako burrukea eta horrek ekarritako ondorioak kontetan ditu dokumentalak. Behaketa-ikerketea egiteko asmoz jo eben Altsasura Parramonek eta Arzallusek, eta ikuspegi intimo eta poetiko batetik emoten dabe herriko gazte batzuen espetxealdiaren eta epaiketen barri.
Euskerazko azpitituluak izango dituen filmak honeek dira: Reconciliation (Marija Zidar esloveniarrarena) eta Baby Yar. Context (Sergei Loznitsa ukrainiarrak zuzendua).
Nazinoarteko lehiaketea eta Frantziako dokumentalen atala izango ditu Fipadocek aurten, baita dokumental musikalen, laburren eta gazteek egindakoen sariak be, IMPACT Saria ahaztu barik. Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko produkzino zinematografikoa izango da egitarauko protagonista berezia, Focus Benelux atalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!