'West Side Story' sariak batzen hasi da Urrezko Globoetan

Bizkaie! 2022-01-10 11:08   Zinemea

The Power of the Dog be nabarmendu da aurtengo edizinoan.

Azken urteotako Urrezko Globoen ekitaldirik arraroena egin dabe Los Angelesen: publiko barik, alfonbra gorri barik eta beste urte batzuetako glamourra ahaztuta. Pandemiak eta Urrezko Globoen inguruan egon diran eskandaluek behartu ditue antolatzaileak formatu apal hori aukeratzera.

Dana dala, Oscar Sarietan izendapenak eta irabazleak zeintzuk izan leitekezan igarteko arrastoak itxi ditu 79. Urrezko Globoen galeak, Hollywoodeko sari-emoteen denporaldia hasten dauen ekitaldia dan ezkero. Film bi nabarmendu dira, Steven Spielbergen West Side Story musikala eta plataformetan estreinautako The Power of the Dog westerna. Hiruna Urrezko Globo irabazi ditue.

West Side Story-ren kasuan, 1950eko hamarkadako klasikoaren remake-ak komedia edo musikal onenaren, aktorerik onenaren (Rachel Zegler) eta taldeko aktorerik onenaren (Ariana DeBose) sariak eroan ditu. The Power of the Dog-en kasuan, dramarik onenarena, zuzendaririk onenarena (Jane Campion) eta taldeko aktorerik onenarena (Kodi Smith-McPhee) eskuratu ditu. 

Aktore nagusien arloan, gizonetan Will Smith (King Richard) eta emakumezkoetan Nicole Kidman (Being the Ricardos) izan dira onenak arlo dramatikoan; komedia edo musikalean, ostera, Andrew Garfield (Tick, tick... BOOM!) eta lehen aitatutako Rachel Zegler izan dira irabazleak. 

Aitatzekoa da, ganera, Encanto-k animazinozko pelikularik onenaren Urrezko Globoa irabazi dauela, eta ingelesez ez dan lanik onena Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car izan dala. Kenneth Brannagh autore ingeles beteranoak gidoirik onenaren garaikurra eroan dau (Belfast). Billie Eillish, modako abeslarietako bat, kanturik onenaren kategorian izan da irabazle, James Bonden film barrian egin dauen lanagaitik.

Urrezko Globoetan, pelikulak ez eze, telesailak be saritzen ditue. Dramearen atalean, Succession izan da onena, eta komedian, Hacks. Urteko fenomenoa, Squid Game, ez da distiratsuegi ibili Urrezko Globoetan, baina behinik behin taldeko aktorearen kategorian irabazi dau O Yeong-suk. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu