Abbas Kiarostami zinemagilea gogoratuko dau BilbaoArtek

Bizkaie! 2022-01-04 13:19   Zinemea

Maiatzera bitartean, 13 film luze eta hainbat labur ikusi ahal izango dira.

'Ta’m-e gīlās', Abbas Kiarostami (1987) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abbas Kiarostami: Haizearen poesia izenburua dau BilbaoArte Fundazinoak 2022an martxan ipiniko dauen zikloak. Zinemagile iraniarraren filmografia zabalaren errepasoa egitea da asmoa, eta horretarako, 13 film luze proiektauko ditue maiatzera arte, baita film laburren moltso bat be. Saio bakotxa egun bitan egingo dabe, beraz, zaleek aukera zabala izango dabe Irango zinemagintzako sortzaile barritzaileenetako baten lanaz gozetako.

Urtarrilaren 31n izango da lehenengo hitzordua, 19:00etan, BilbaoArteren Urazurrutia kaleko egoitzan. Kiarostamik 1970 eta 1987 artean zuzendutako hamar film labur emongo ditue alkarren segidan, ordu biko saioan. Emonaldi hau barriro egingo dabe zezeilaren 4an.

Ondoren, film luzeen txandea izango da. Lehenengoa, Mossafer, zezeilaren 7an eta 11n emongo dabe. 1974koa da pelikula hori, eta zikloak aurrera egin ahala, lan barriagoak aurkeztuko ditue. Holan, azkena (maiatzaren 2an eta 6an) Raiku samuwan in rabu izango da, Kiarostamiren azken-azkenetako film bat.

Proiekzinoak jatorrizko bersinoan izango dira, gaztelaniazko azpitituluakaz. Sartzea doban dan arren, aurretik gonbidapena eskatu beharko da, proiekzino bakotxaren egunean, 94 415 50 97 zenbakira deituta. Eskatzaile bakotxak sarrera bi eskuratu ahal izango ditu gehienez.

Abbas Kiarostami (1940-2016) zinemagintzeagaz lotutako zeregin ugaritan ibili zan: zuzendaria izateaz gan, gidoigile eta produktore izan zan. Poesia eta argazkigintzea be landu zituan. Film laburrak egiten hasi eta, pixkanaka, lan luzeetan be sartu zan, harik eta 1980ko hamarkadatik aurrera nazinoartean ezaguna izaten hasi zan arte.

Irango gorabehera sozial eta politikoen erdian bere bidea topau eban Kiarostamik. Azken urteetan, baina, atzerrian be film batzuk errodau zituan, eta Parisen hil zan. 1997an, Cannesko jaialdiko Urrezko Palmea irabazi eban, Ta’m-e gīlās filmagaitik. Martiaren 7an eta 11n emongo dabe pelikula saritu hori BilbaoArten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu