Zinemaldiaren 70 urteak gogoratuko ditu Donostiako Tabakalerak
2022-01-04 09:35 ZinemeaUrtarrilaren 5ean hasita, 40 bat film historiko proiektauko ditue.
1953an sortu zan Donostiako Zinemaldia eta, beraz, aurten bertan egingo dau 70. edizinoa. Ibilbide luze eta oparo hori gogoan, Zinemaldiaren historiari eskainiko deutso Tabakalerak Nosferatu zikloaren hurrengo edizinoa. Eguaztenean, urtarrilak 5, hasi eta abendura bitarteko ziklo luzea izango da, eta bitarte horretan 40 film inguru ikusi ahal izango dira, Zinemaldiak saritu dituan obrak, artistak eta zuzendariak gogoratzeko.
Tabakalerak eta Zinemaldiak berak ez eze, Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Institut Valencià de Cultura/Valentziako Filmotekeak bultzatzen dabe Zinemaldia 70 izeneko ziklo hau.
Proiektauko diran pelikula guztiak Donostiako Zinemaldian parte hartutakoak dira. Batzuek sari handiak irabazi zituen. Batez be, Sail Ofizialean eta Zuzendari Barriak ataletan aurkeztu ziran filmen alde egin dabe Nosferatu zikloaren arduradunek. Orain arte 69 edizino egin diran ezkero, izan dabe non aukeratua.
Lehenengo saioan, esate baterako, Jacques Becker frantsesak zuzendutako Casque d'Or (1952) proiektauko dabe. 1953ko Donostiako Zinemearen I. Nazinoarteko Astean ikusi ahal izan zan film hori, eta, beraz, Zinemaldiaren historiako lehenengo parte-hartzaileetako bat izan zan. Tabakaleran da proiekzinoa, urtarrilaren 5ean (19:00).
Zinemaldia 70 zikloaren egitarauan, beste zinemagile ospetsu ugariren lanak be emongo ditue. Antolatzaileek aurreratu dabenez, Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman eta Josefina Molina dagoz lehenengo hiruhilekoko egitarauan.
Zikloagaz bat etorrita, euskerazko eta gaztelaniazko liburu bana argitaratuko ditue, biak Donostiako Zinemaldiaren historia aberatsean oinarritutako kontakizunak. Euskerazkoa, Nosferatu bildumako 10. zenbakia, Katixa Agirrek idatzi dau eta 2022ko azken parterako egongo da kalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!