'Non dago Mikel?' Kataluniako telebistan emongo dabe, 'prime time'-an

Bizkaie! 2021-12-30 13:54   Zinemea

Urtarrilaren 11rako programau dabe.

'Non dago Mikel?' dokumentaleko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Areto, jaialdi eta proiekzino bereziz betetako ibilbide oparoan beste pausu bat egingo dau Non dago Mikel? filmak, telebistara salto egingo dauelako urtarrilean. Hain zuzen be, TV3 Kataluniako telebista publikoak emongo dau, prime time edo audientzia handieneko orduan. Publikoaren erantzun bikaina izaten dauen Sense ficció saioan erakutsiko dabe pelikulea. Balio artistiko edo sozial handiko dokumentalen saioa da.

Atera Films eta Izar Films produkzino-etxeen eta Kataluniako telebista publikoaren arteko akordioaren arabera, dokumentalaren 65 minutuko bersinoa emongo dabe, ohikoa baino laburragoa. Katalanezko azpitituluak izango ditu.

Mikel Zabalzaren desagerpena eta hilketea kontetan ditu filmak. 1985ean Intxaurrondoko koartelera atxilotuta eroan eben Zabalza, eta ez eban handik bizirik urten. Miguel Ángel Llamasek eta Amaia Merinok zuzendu dabe filma, eta arrakasta handia izan dau orain arte: 15.000 ikule zinema-aretoetan, Donostiako Zinemaldian aitamen berezia eta Uruguaiko AtlantiDoc jaialdian sari nagusia.

Euskal Herriko auzo eta herrietan, 70 proiekzino inguru egin ditue orain arte. Hango telebistara salto egin aurretik, Katalunian be izan dabe filmaren barri. Bartzelonan proiekzino bat egin eben eta han izan ziran Mikel Zabalzaren eta Idoia Aierberen senideak eta ETAk hildako Ernest Lluchen alabea. Miguel Ángel Llamas zuzendariari, bestetik, alkarrizketea egin eutsen Kataluniako irrati publikoan.

Kataluniako gizartean jakinmina eragin dau Non dago Mikel? filmak, Bartzelonako emonaldian batutako jentetzea horren erakusgarri. Proiekzinora jente asko etorteak eta bertan egon ziranen interes eta harrera onak, filma Katalunian asko gustauko jakela pentsauarazoten deusku, adierazo dau Llamasek.

EITBk be dokumentalaren eskubideak erosi ditu. Hortaz, laster Euskal Telebistan be emongo dabela pentsau leiteke, oraindino datarik ipini ez daben arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu