Juan Jose ‘Kako’ Aramburuk agur esan deutso lehiari
2021-12-30 13:32 KirolaIa hamarkada bi emon ditu tiroaren goi mailan.
Fundazinoa martxan jarri zenetik Basque Teamen bekea izan dauen tiratzaileak diziplinari lotuta jarraituko dau, Frantziako Federazinoan teknikari lez Paris 2024an lehiatuko dan taldea zuzentzen
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak eta Leire Guerenabarrena Euskal Federazinoen Batasuneko gerenteak lagunduta, Kako Aramburuk kirolari lez goi maileari agur esateko hartu dauen erabagia jakitera emon dau gaur, Donostian, tiro olinpikoan, skeet modalidadean, ia hogei urte emon ondoren.
Hausnarketa sakon baten ondoren, kirolariaren bizitzan beste lehentasun batzuk ezartzeko momentua heldu dala erabagi eban Aranburuk. Basque Teameko tiratzaileak esan dau bere bizitzan inportanteak diran beste alderdi batzuk jagon behar dituala, besteak beste, egonkortasun ekonomikoa eta seme-alabak jagotea. Goi-mailako tiro olinpikoa kirol zorrotza da, denpora eta dedikazinoa behar dituana eta urteko diru-sarrerak lortutako emoitzen araberakoak dira eta horregaitik, Kako-k pausua emotea erabagi dau, kirolari bezela orain artekoak atzean ixtea kostau egiten jakon arren: Ez da erabagi erraza izan eta nire egoera familiarra, emaztea eta hiru seme-alabak kontuan hartu ditut adierazo dau.
Irungo kirolariak sentiduten dau suberte handia izan dauela urte honeetan guztietan eta eskerrak emon deutsoz bere inguru guztiari: Eskertu nahi dot urte honeetan guztietan jasotako prestakuntzea, baita babesa be. Saiatu naz dana emoten, badakidalako banakako kirol batean lehiatu arren, nire lorpen guztiak talde-lanaren ondorio izan dirala, azpimarratu dau Aramburuk.
Juanjo Aramburuk hamarkadak emon ditu bere diziplinea lantzen eta nazinoartean erreferenteetako bat izan da. Ibilbide profesional luze horretan nabarmentzekoak dira Beijingo 2008ko Olinpiar Jokoetan lortutako zortzigarren postuagaitik irabazitako diplomea, Londresko Olinpiar Jokoetarako sailkapena (23. amaitu eban), Belgraden 2011n Munduko txapeldun titulua eta 2007an eta 2004an irabazitako Europako domina biak.
Kontuak kontu, Aramburuk goi mailako jaurtiketeari lotuta jarraituko dau, Frantziako Federazinoko teknikari lanetan ibiliko baita 2024ko Pariseko Jokoetan dominen lehian ibiliko dan senior taldea zuzentzeko. Haren kargu egongo da, besteak beste, Eric Delaunay, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetako finalean bosgarren amaitu eban kirolaria: Esperientzia aberasgarria eta motibagarria izango da. Betidanik jakin izan dot goi mailako kirolari izateari agur esan eta kirol honi lotuta jarraituko nebala. Ez neuke era hoberik imajinauko saltoa emoteko.
‘Kako'Aramburu izan da Basque Teami lotuta urte gehien emon dituan kirolarietako bat, Fundazinoko kide baita erakundearen sorkuntzatik, 2008tik.
Juan José Kako Arambururen (Irun, 1981-10-13)
Tiroagaz lehen hartu-emonak bere aita eta osabearen eskutik izan zituan Irungo mendietan. Kazan ibili zan lehen egunak gogoan ditu eta hortik aurrera beti izan dau eskopetea lagun. Apurka-apurka ikasten joan zan, kirol honen gorengo mailara heldu eta nazinoarte mailan erreferente bilakatu arte.
Gaur egun San Marcial-eko tiro-eremuan eta Las Gabias-eko (Granada) Juan Carlos I Errendimendu Altuko Zentroan praktiketan dau eta, bitxikeria lez, instalazino horreetan, 15.000 plater inguru hausten ditu urtero.
Kakok injinerutzako ikasketakaz buztartu dau tiroa. Natureagaz lotutako guztia gustetan jako, batez be kazea eta arrantzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!