Claude Chabrol gogoratuko dau BilbaoArteko zinema zikloak 2022an

Bizkaie! 2021-12-30 09:47   Zinemea

Hileko azken eguaztenetan egingo ditue proiekzinoak.

'Poulet au vinaigre' emongo dabe urtarrilaren 26an | Ikusi handiago | Argazki originala

XX. mendearen bigarren erdian Frantziako zinemagintzea astindu eban Nouvelle vague mobimentuaren ordezkarietako bat gogoratuko dau BilbaoArte Fundazinoak 2022an, Claude Chabrol. Urte osoko ziklo zinematografikoa atondu dau horretarako: hamabi hile, hamabi proiekzino, Chabrolen obrea ezagutzeko aukera bikaina.

Ohiko moduan, BilbaoArteko Art House Cinema gunean izango dira saioak, doban (aurretik erreserbea egin behar da). Filmak jatorrizko bersinoan emongo ditue, gaztelaniazko azpidatziakaz. Azken Chabrola izenburupean datorren ziklo honek Institutu Frantsesaren babesa dau.

Hileko azken eguaztenetan egingo ditue proiekzinoak, gehienak 19:00etan hasita. Hortaz, lehenengo hitzordua urtarrilaren 26an izango da. Poulet au vinaigre emongo dabe, Chabrolek 1984an zuzendua. Jean Poiret, Stéphane Audran, Michel Bouquet, Jean Topart, Lucas Belvaux, eta Pauline Lafont aktore nagusiak dirala, istorioak herri txiki batera eroango gaitu. Etxegintzeagaz lotutako auziak tarteko, hilketak egon dira eta metodo bitxien bidez argituko dau misterioa Lavardin inspektoreak.

Hurrengo hileetan, Claude Chabrolen film gehiago ikusteko modua emongo dau BilbaoArtek, batez be zuzendariaren ibilbideko azken urteetakoak. Esate baterako, zezeilean Inspecteur Lavardin eta martian Masques.

Claude Chabrol (Paris, 1930-2010) beste film batzuen kritikearen eta analisien bidez sartu zan zinemagintzan, Cahiers du cinéma argitalpenean. 1950eko hamarkadearen amaieran, Truffaut, Godard eta enparauakaz Nouvelle vague mobimentua sortu eban, eta filmak zuzentzen hasi. Le beau Serge (1958) izan zan lehenengoa, eta XXI. mendearen hasikerara arte makina bat egin zituan.

Publiko orokorraren gustukoak izateko moduko filmak dira Chabrolenak, ikutu komertzialari uko egin barik. Aldi berean, interpretazino gatxeko eta sakontasun artistiko handiko lanak be badira. Thriller erako filmak dira Chabrolen zigiluetako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu