Txema Olazabalek gidatutako bikaintasun-proiektua aurkeztu dabe
2021-12-20 12:32 KirolaBasque Team Fundazinoaren eta Golfeko Euskal Federazinoaren proiektua da.
Donostian aurkeztu dabe gaur goi mailako proiektua Augustako Master bi eta bost Ryder Cup irabazi dituan Txema Olazabal golflari handiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Vicente Aurelio Sainz Golfeko Euskal Federazinoko presidenteak eta Iñigo Manso Basozabal Golf-Zelaiko presidenteak.
Txema Olazabalen eskuzabaltasuna, jakituria eta lana ardatz izango ditu egitasmoak eta talde edo akademia formea hartuta, nabarmentzen diran euskal golflariei bultzadea emotea izango dau helburu. Taldeak plangintza, laguntza tekniko eta gidaritza eta prestaketa fisikoa eskainiko deutsee jokalariei, helburua ez baita izango zuzenean diruz laguntzea, jokalari profesional moduan jorratzen eta zirkuitu nagusienetara eta Olinpiar Jokoetara heltzen diranei laguntzea baino.
Hiru mailako kirolariak hartuko ditu aintzat: dagoeneko nazinoarteko zirkuitu nagusienetan egonkortutako jokalari profesionalak; zirkuitu horreetan sartu eta mailaz igotea helburu daben jokalari profesionalak; eta, azkenik, goi errendimendu zentroetan edo AEBetako unibersidadeetako taldeetan egonik profesionaletarako bidean dagozan jokalari amateurrak. Emakumezkoen kasuan, egun ez dago lehia kirolean fdabilen profesionalik eta ahalegin berezia egingo da gure amateur onenakaz epe erdira begira. Zazpi jokalariz osotutako taldeagaz egingo da lan: Javier Sainz Delgado, Borja Martin Torre, Roberto Garagorri Aldeanueva, Joseba Torre Olazabal, María Villanueva Aperribay, Natalia Aseguinolaza Martin eta Nieves Martin Torre.
Nazinoarteko zirkuituetan dabizen jokalariek zirkuituan bertan jasoko dabe Olazabalen aholkularitzea eta eguneroko lan dinamikeagaz bat egingo dabe txapelketen egutegiak ixten deutsenean. Bigarren mailako jokalariek eguneroko lan dinamika presentzialean sartuko dira eta saio horreetan Olazabal edota berak saio bakotxerako erabagiten dauen teknikariagaz ibiliko da taldea.
Profesionaletara bidean dagozan jokalarien lan egitaraua oso bestelakoa izango da, kursoan zehar, errendimendu zentroen edo unibersidadeen lan-egitarauaren babespean egongo diralako eta horreen kasuan uda eta neguko oporraldietan atonduko dira gure taldeko entrenamenduak.
Swing eta kolpearen teknikea, estrategia, zelai eta joko baldintzen irakurketea eta azterketea, golpe aurreko eta ondorengo errutinak, entrenamenduko intensidatearen hobekuntzea, lehiatu aurreko eta ondorengo lanaren antolaketea eta hobekuntzea, datu eta estadistiken interpretazinoa, jokura egokitutako prestaketa fisikoa, lesinoei aurrea hartzeko prestaketa fisikoa, helburuak finkatu eta lortzeko prozesuaren azterketea eta hobekuntzea lako arloak jorratuko ditue.
Zelaiei jagokenez proiektuak Basozabalen, Olazabalek berak diseinautako zelaian, izango dau egoitzea eta, horrezaz gan, Euskal Federazinoaren kontura joango da Euskadiko gainerako klubetako zelaietan jokatu eta entrenetako aukerak bideratzea.
Punta-puntako teknologia be erabiliko da egitasmoan, izan be, Donostiako Z-1 zentroan egingo dira swing analisi eta datu batzeak trackmanagaz eta teknologia barrienak aukerea emongo dau datuen azterketan sakontzeko.
Giza baliabideetan, barriz, proiektuak Iñaki Alustiza eta Juan Francisco Sarasti jokalari profesionalak izango ditu irakasle eta prestaketa fisikoa Maddalen Fuentesek zuzenduko dau. Zuzendaria Jose Maria Olazabal izango da baina horrezaz gan, entrenatzaile tekniko nagusi postuan ibiliko da, baita eguneroko zereginetan be. Nabarmendu behar da txapelketa profesionaletan 29 garaipen, tartean Augustako masters bi eta bost Ryder Cup, lortu izanagaitik Olazabalek era altruistan egingo dauela lan eta Pello Iguaran golflari profesional eta Francesco Molinariren caddiearen laguntzea izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!