Getxok eta Sopelak lankidetza-protokoloa barritu dabe
2021-12-13 08:15 KirolaSurfaren industria eta beste irristatze-kirol batzuk sustatzea da asmoa.
Amaia Agirre Getxoko alkateak eta Josu Landaluze Sopelako alkateak lankidetza-protokoloa barritu dabe, surfaren eta beste irristatze-kirol batzuen industriaren garapena eta hazkundea sustatzeko. Lankidetza hori 2019an hasi zan udal bietako hainbat arlotan eta proiektu erreferente bihurtu da Bizkaian: Sektore horri balioa emon gura jako merkatuaren eta haren jarraibide barrien aurrean.
Getxok eta Sopelak Bizkaiko surfaren jarduera ekonomikoaren erdia, gitxi gorabehera, hartzen dabe eta gainera, puntako nazinoarteko ekimenak, askotariko olatuak eta bestelakoak dagoz eta erreferentziako profesional bikainak eta surf-eskolak ditue: 31 enpresa dira, 110 langile eta 7,8 miloe euro sortzen ditue urtean: Datu horreek lankidetza-hitzarmen hau dagoala erakusten dabe eta Sopela eta Getxo lako udalerrien artean alkarregaz lan egitearen onurak egiaztatzen ditute, ekonomia dinamizetako, turismoa erakarteko eta enplegua sortzeko dauen gaitasunagaitik nabarmentzen dan sektorea bultzatzeko, Amaia Agirre Getxoko alkateak aitatu dauenez. Nire asmoa eta Getxoko Udalarena da alkarlanean eta sinergiak sortzen jarraitzea, tokiko garapenaren eta personen ongizatearen mesedetan ditugun baliabideak modu eraginkorrean aprobetxetako, azpimarratu dau Agirrek.
Sopelako alkateak, Josu Landaluzek adierazo dau: Sopelako Udalak uste dau lankidetza-protokolo hau oinarrizkoa dala surf, itsaso eta beste irristatze-kirol batzuen industriaren garapena eta hazkundea sustatzeko eta bultzatzeko, udalerri bientzat oinarrizko sektore estrategikoa baita. Indar handiko proiektua da eta ekintzailetzea babestea, start- up barriak sortzea, dagozan enpresak bultzatzea eta enpresak gure lurraldera erakartea jasoten ditu. Protokolo hori barritzeak ankidetza-espazio egonkor bat indartzea dakar, izan be, helburua Sopelan eta Getxon surfaren, itsasoaren eta beste irristatze-kirol batzuen industria indartzea da, nazinoartean erreferente bihur daitezen.
Hitzarmena indarrean egon dan urteetan prestakuntza espezializatuko 8 ekintza baino gehiago atondu dira dira (jardunaldiak, masterclass, webinars, networking, ikastaroak); hondartzetako esku-hartzea koordinau da; kudeaketa-esperientziak trukatu ditue erreferentziazko udalerriakaz, berbarako, Biarritzegaz, Alemania eta Belgikagaz; danen artean zenbait ekitaldi bideratu ditue, besteak beste, Punta Galea Challenge eta Surf Business Meeting; horrezaz gan, nazioarteko enpresa-topaketetan be parte hartu dabe.
Ekintzailetzearen arloan, 30 enpresa baino gehiago, 3 unibersidade eta beste eragile batzuk dagoz tartean eta 5 enpresa barri sortzen lagundu da. Gainera, dagoeneko 17 proiektu dabiz lanean, alkarlanean, Getxo Itsas Hub itsas ekintzailetzako zentroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!