Postontziko Arratia

Bizkaie! 2021-12-10 08:44   Kulturea

Arratia posta txartelean abenduaren 18tik urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.

Felipe Manterolaren autoerretratua | Ikusi handiago | Argazki originala





Hau da, Igorreko beste bategaz, Arratiari buruz argitaratutako posta txartelik zaharrena, XIX. mendearen amaierakoa edo XX.aren hasierakoa. Areatzatik Munichera bialdu zan 1907an eta alemanez idatzita dago.

Arratiari buruz egindako posta txarteletan azaltzen diran 90 bat erretratuko erakusketa hau, 2014an Jon Urutxurtu zeanuriztarrak euskera hutsean argitaratu eban Arratia posta txartelean liburuan oinarritzen da. Erakusketearen komisarioa be bera da. Argazkiak (ia danak XX. mendearen lehen erdian egindakoak)
herriz herri sailkatu eta osogarri moduan XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabautako zinema irudiak be izango dira ikusgai. Erakusketa ibiltari hau 2019an Igorreko Lasarte Aretoan egon zan ikusgai eta orain, barriz, Lemoan.

Orain dala denpora gitxira arte jazoten zanagaz alderatuz, erdi hutsik dagoz postontziak. Internet, irrati, telebista zein beste tresna batzuen bidez heltzen da orain mundua gure atariraino. Baina, sasoi baten, posta txartelai esker ezagutzen genduzan munduko txokoak. XIX. mendearen amaierarantza hasi ziran indarra hartzen posta txartelak eta turismoa zabaltzen joan ahala zabaldu zan hareek batzeko zaletasuna.

Arratia posta txartelean erakusketan Arratia bailareari buruz argitaratutako posta txartelak ikusi daitekez, 2014an Jon Urutxurtuk izenburu beragaz argitaratu eban liburura batutako erretratuak, hain zuzen be. Jon Urutxurtu komisarioaren eretxiz, Arratia eta arratiarren irudiak azaltzen diran posta txartelak erakutsi eta gorabehera guzrien barri emotea da helburua, Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emoteko.

Danetara, 90 posta txartel dagoz, 24 cm x 38 cm tamainuan: Sarritan, Arratia joaneko denporeagaz lotutako parajetzat hartu da, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat eta horrek pentsau arazoten deusku posta txartel ilustratuak argitaratu ziran lehen urteetan, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasikeran, ez ebala erakarriko editoreen arretea. Lan honetan azaltzen dan kopurua kontuan hartuz, bistakoa da hori ez zala holan izan.

Dana dala, helburu nagusia Arratiari buruz editautako posta txartel klasikoak, izenburua edota editorea, inprimatzailea eta erretratugilea idatzita daroena, batzea izan bada be, ez dira ahaztuten Lemoako posta txartela, Frantziara bialdutakoa eta 1913ko posta markea daroana.

Erretratu-posta txartelak, erretratugile batzuek posta txartelen papelean errebeletan zituen, aurrealdean erretratua daroe eta atzealdean Post Card, Tarjeta Postal, Carte Postale izenburua inprimiduta edota helbidea idazteko eta zigilua itsasteko gunea.

Arratia eta arratiarren gaineko posta txartelak argitaratu zituenen artean, zenbait enpresa zein partikular topau daitekez eta horreen artean honako honeek identifikau dira: Felipe Manterola, Indalecio Ojanguren, Foto Lux, L. G. Bilbao, Librería E. Verdes, Librería Villar, Artes Gráficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landáburu Hermanas eta L. Roisin. Editoretzat hartu geinkez Indalecio Ojanguren eta Durangoko Foto Sol argazki dendea be, eurak editautako erretratu-posta txartel bi baitagoz.

Editore horreen guztien artean aitamen berezia merezidu dau Felipe Manterolak (Zeanuri, 1885-1977), alde batetik arratiarra izateagaitik eta bestetik, berak editau zitualako posta txartelen balio etnografikoagaitik. Jaiotzez zeanuriztarra zan eta bere herrian bizi izan zan beti. Felipe erretratugile bikaina be izan zan eta zaletasun hori bizibide inoz ez baeban hartu, aldian aldiko diru-iturri bihurtu eban. Antza, lehenengo erretratua 1904. urtean egin eban, hamazortzi urtegaz eta ordutik aurrera, 1936ko gerreak eztanda egin arte, mila erretratu baino gehiago egin zituan. Manterolaren irudietan gehienbat honako gai honeetara mugatzen da: paisajea eta lagunak, herriko lanbideak eta jazoerak XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan. Eta lan horreetan guztietan azaltzen da bere jaioterriagaz, Zeanurigaz, eukan lotura handia.

XX. mendeko bigarren hamarkadan posta txartelen bildumak be editau zituan, berak egindako erretratuak erabiliz. Batzuk Alemanian emon ziran argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon eta hortxe Foto Lux etxeak atondu zituan. Felipe Manterolaren hamar posta txartel dagoz erakusketan. Hamar posta txartelak aurrealdearen oinean euskeraz idatzitako testua daroe, azaltzen dan erretratuaren gaiari izenburua ipiniz: Eusko-lugin lanak (lau posta txarteletan), Eusko-artaldea, Igande arratzaldea, Bola-tokia, Eusko-etxartea, Eusko-basartea, Zeanuriko-txadona. Atzekaldean egilearen eta herriaren izenak aitatzen dira: Felipe de Manterola — Ceánuri.

1928tik aurrera zinematografoari be ekin eutsan. Horretarako AEBetatik ekarritako 16 mm-ko Kodak. B modeloa kamarea erabili eban. Filmautako irudi gehienak 1928 eta 1932 urteen artean hartuak dira. Irudi horreetako gehienakZeanurin filmautakoak dira eta ikusgai izango dira erakusketan.

Kronologiari jagokonez, XX. mendearen hasikeratik 1950eko hamarkadara arte editautako posta txartelak dagoz eta gainontzeko txartelak 1906tik aurrerakoak dira, atzekaldea bananduta dabelako.

Erakusketearen komisarioak dinoanez, egun, posta txartela bilduma-objektu bihurtu da eta, aldi berean, sasoi bateko paisajeak, monumentuak, eraikinak, ohiturak, janzkerak eta bestelakoak ezagutzeko informazino iturri ikonografiko garrantzitsua da, zinemea, prensea edo irudiak zabaltzeko beste sistema batzuk legez. Posta txartela, gaur egun, Internet eta kultura digitalaren bidez zabaltzen dabizen sare sozialen aurrekari izateaz gan, hartu-emon postalerako baliabide hutsa baino zeozer gehiago dala esan daiteke, eta sasoi bat islatzen eta sinbolizetan dauan benetako objektutzat jo daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu