Euskal pelotea lantzeko metodologia barritzailea aurkeztu dabe gaur

Bizkaie! 2021-12-01 13:41   Kirola

Alkarlanetik, alkarregaz sortutako proiektua da Euskal Pelota Method & Tech.

Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko Pelota federazinoek, Munduko Pelota Batzarragaz batera, euskal pelotea lantzeko metodologia barritzailea aurkeztu dabe. Erakunde eta federazinoek lankidetzan jorratutako proiektu hau euskal pelotan dabizen kirolari, teknikari eta gestoreei zuzenduta dago eta arlo kondizionala, teknikoa eta taktikoa lantzeko balio dau.

Euskal Pelota Method & Tech proiektuaren aurkezpenean izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaola, Euskadiko Euskal Pelota Federakuntzako presidente Gotzon Embil, Nafarroako Euskal Pelota Federakuntzako presidente Javier Conde, Iparraldeko Euskal Herriko Pelota Batzarreko presidente Jean-Michel Garayar eta Munduko Pelota Batzarreko presidente Fernando Azkarate, Kimet Sport kirol aholkularitza erakundeko Gari Fullaondogaz batera. Proiektuak Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen dirulaguntzinoa be badau.

Euskal Pelotea lantzeko metodologia barria da, edade, maila eta genero guztietara egokitua; 3 aplikazino informatiko ditu eta inteligentzia artifiziala erabiliz egiten ditu planifikazinoak. Holakoak dira hiru aplikazinoak:

Euskal Pelota Planning-ek entrenamendu programak eta formakuntza eta errendimenduagaz lotutako datu guztien gestinoa bermatzen dau.

Euskal Pelota T-Managerrek, metodologiako ariketa guztiak 3D-ko animazinoen bitartez helarazoten ditu, saioak landu eta norbere ariketa eta saioak jorratzeko aukerea eskainiz.

Euskal Pelota Teacher-ek, metodologia guztia bideoen bitartez zelan erakatsi behar diran erakusten dau.

Horregaz batera, Learning plataforma bat atondu da hau guztia behar bezela ezartzeko formakuntzea eta prestakuntzea bermatzen dauena.

Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko pelota federazinoen bitartez teknikariek aukerea izango dabe gaurtik aurrera metodologia eta aplikazino hau doban eskuratu eta erabilteko.

Kimet Sport, kirol aholkularitza zerbitzua da proiektua dakarrena eta horretarako aurretik beste kirol batzuetarako, futbolerako adibidez, egindakoaren antzeko plataforma bat izan dau abiapuntu. Gaur egun futbolerako teknifikazino proiektu hori bost hizkuntzatan dago eta milaka erabiltzaile ditu munduan barrena 104 herrialdeetan. Oraingo honetan Kimet Sport-ek euskal pelotako metodologia egokitu eta barritzailea sortu dau.

Prentsaurrekoan parte hartu daben ordezkariek azpimarratu dabenez, alkarlanetik, alkarregaz sortutako proiektua da Euskal Pelota Method & Tech. Helburu nagusia euskal pelotea Euskadin, Nafarroan, Iparraldean eta mundu osoan zabaldu eta sendotzeko helburua da.

Aurkezpenean, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaolak adierazo dauenez proiektu hau pelotea jorratzen jarraitzeko bultzada barria izango da, baldintza hobeetan praktiketan jarraitzeko bultzadea izango da, gainera, prestatzaileek pelotea erakusteko beharrezkoa dan prestakuntzea eta oinarrizko formakuntzea izatea beharrezkoa da azpimarratu dau.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, euskal pelotearen bihar-etzirako prozesua bultzatuko dau egitasmo honek bai kirol alorrean baita gizarte mailan be, izan be, kirol federatuan, eskola kirolean zein hezkuntza sisteman erabilgarria izango da. Zupiria sailburuak gaineratu dauenez, metodologia alkarlanaren emoitzea da, danon artean eta danontzako metodologia bat da, izan be, edozein proiektu sendotzeko indarrak batzea da egokiena eta horixe da proiektu honegaz egin dana: Indarrak batu. Horretarako sektoreagaz lan egitea ezinbestekoa izan da. Federazinoak dira pelota mundua ezagutzen dabenak eta euren lankidetzeari esker eta Kimet Sport-en lanari esker dator egitasmo hau.

Gotzon Embil Euskadiko Euskal Pelota Federazinoko presidenteak gaineratu dauenez, proiektu honi 2019an ekin geuntsan, Euskal Pelotea erakusteko metodologia bat eskaintzeko helburua gogoan eta helburu horri eutsiz Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko federazinoak eta Munduko Euskal Pelota eta Alkartuen Kontseilua alkartuz. Datozen hileotan, metodologia barri hori pelota-eskola guztietan eta hezkuntza-sisteman ezartzea eta Euskal Pelotearen beste espezialidade batzuetan erakaskuntza-metodologia barriak lantzen jarraitzea izango da helburua. Amaitzeko, eskerrak emon nahi deutseguz Eusko Jaurlaritzeari, Nafarroako Gobernuari eta Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeari Euskal Pelotea bizibarritzeko proiektu estrategiko honi laguntzeagaitik eta Kimet Sport enpreseari be eskerrak emon sortutako metodoa formatu onenetan Euskal Pelotearen mundu osora heltzeko egindako ahaleginagaitik.

Kimet Sport erakundeko Gari Fullaondok azkenik, proiektuaren zehaztapen guztiak emon eta bide batez, metodologia eta aplikazinoak aurkeztu ditu: Metodologia guztia euskeraz da, baina gaztelaniaz eta frantsesez erabilteko aukerea be izango dabe Nafarroa, Iparralde eta Euskadiko teknikari guztiek. Datozen asteetan proiektuaren lehen ezarpen orokorra egingo da herrialde guztietan eta ondoren, proiektuaren ezarpen sakonago bat lortzeko oinarriak zehaztuko dira, eskualde horreetan eta munduan barrena, eragin osotua izango dauen proiektua bideratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu