Film esperimentala Durangon estreinauko dabe
2021-12-01 10:37 ZinemeaAbenduaren 5ean estreinauko dabe Irudienean.
Piszifaktoria Ideien Laborategiaren azken proiektua performance zinematografiko bat da eta Durangoko Azokaren Irudienea (Zugaza zinema-aretoan) gunean estreinauko da, abenduaren 5ean, domekan, 14:30ean hasiko dan saioan.
Noiz utziko dio euria egiteari da dokumentalaren eta fikzinoaren arteko mugan bizi dan sormen-lan honen izenburua. Izen bereko Piszifaktoriaren kaleko ikuskizunean oinarrituta dago, baina artefaktu independentea da, ikus-entzunezkoen lengoaiari egokitua. Film esperimentalak 23 minutuko iraupena dauka.
2071 da. Covidaren Omega aldaerearen ondorioz 2021etik 2031ra iraun eban hamar urteko konfinamendu zorrotzaren ondoren, euria egiteari ekin eutson, egun bakar batean be geratu barik. Bestelako gizarte batean bizi gara orain eta bidea birkalkuletan daben GPSen antzera, gure helmugak birkokatzeko momentua heldu da. Zein bideri jarraitu nahi deutsagu orain? Euria egiteari utziko al dio norabidea aldatzen badogu?
Guillermo Ordás arduratu da zuzendaritza lanak egiteaz. Haregaz batera ibili dira Irati Agirreazkuenaga, produkzino lanetan eta Mikel Ayllon, gidoilari ibili da. Musikea, barriz, Igor Arzuagak sortu eta nahastau du. Pantailan Agirreazkuenaga, Ayllon eta Arzuagaren gorputz eta ahotsak be ikusiko ditugu. Kameren atzean, Betitxe Saitua arduratu da jantziez eta Pablo Ibarluzea aholkularitza artistikoaz.
Lan hau 2021eko urriaren 21ean estreinau eben Gasteizko Ibaiondo auzoan, Gasteizko Nazinoarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, haren produkzinorako laguntzeari esker.
Kontuak kontu, lantaldeko kideak abenduaren 5ean Durangon egongo dira film esperimentala aurkezten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!