Goya Sarietan 14 izendapen ditu 'Maixabel'-ek

Bizkaie! 2021-11-29 13:43   Zinemea

Kategoria nagusi guztietan da hautagai Iciar Bollaínen filma.

Donostiako Zinemaldian euskal produkzinorik onenaren Irizar Saria irabazi eta gero, ibilbide arrakastatsua egiten dabil Iciar Bollaínen Maixabel, aretoetan zein sariketetan. Pasa dan astean jakin genduan Feroz Sarietan zortzi izendapen dituala eta, oraingo honetan, Espainiako zinemagintzearen Goya Sarietan batu ditu 14 izendapen, tartean kategoria nagusi guztietan.

Pelikularik onena izateko hautagaia da Maixabel, eta zuzendaririk onenaren saria irabazi leike Iciar Bollaínek. Era berean, izentauta dagoz Blanca Portillo (emakumezko aktorerik onena), Luis Tosar (gizonezko aktorerik onena), Urko Olazabal (gizonezko bigarren mailako aktorea) eta María Cerezuela (emakumezko bigarren mailako aktorea). Gidoi originalik onenaren atalean be Goya irabazi leike Iciar Bollaínen eta Isa Camporen testuak.

Alderdi teknikoan be kontuan izan dabe Maixabel Goya Sarietako hautagaitzetan: zuzendaritza artistiko onena (Mikel Serrano), produkzino-zuzendaritza onena (Guadalupe Balaguer Trelles), soinu banda onena (Alberto Iglesias), soinu onena (Alazne Ameztoy, Juan Ferro, Candela Palencia), muntaketa onena (Nacho Ruiz Capillas), jantzien diseinu onena (Clara Bilbao) eta makillaje eta ule-apainketa onena (Karmele Soler, Sergio Perez Berbel).

Euskal zinemagintzako beste lan batzuei jagokenez, aitatzekoa da Iker Álvarez eta Haizea Pastorren Zutik!, animazinozko film onenaren kategorian izendapena dau eta. 

Hautagaitza gehien batu dituan pelikulea, Maixabel-en aurretik, Fernando León de Aranoaren El buen patrón da (20 izendapen). 36. Goya Sariak 2022ko zezeilaren 12an emongo ditue Valentzian, Luis García Berlanga zinemagilearen jaiotzearen mendeurrena gogoratuko dauen ekitaldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu