Mendia eta musikea bat eginda, Bilboko Ondare Aretoan

Bizkaie! 2021-11-29 09:02   Musikea

BBK Mendi Film jaialdiaren parte da Rock the Mountain erakusketea.

Mendia eta naturako paisajeak inspirazinoa izan dira artista askorentzat batidanik eta, musikeari jagokonez, disko askoren azaletan topauko doguz mendiari egindako erreferentziak. Horregaitik, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak erakusketea antolatu dau Bilboko Ondare Aretoan, pop musikearen ikonografian mendiak izan dauen eraginaren barri emoteko.

Torinoko Mendiaren Museoko bilduma zabala da erakusketearen oinarria. Azalean mendia edo horregaz lotutako irudiak dituen 150 binilo inguru daukaz Torinoko museoak, munduan antzekorik ez dauen ondarea. 1970eko hamarkadatik 2020ra, pop eta rock musikearen historiaren errepasoa egiten dau diskoen azalen bidez, beti mendia ardatz dala.

Bilbora ekarri dituen biniloetan, beraz, musikearen historia garaikidean ezinbestekoak izan diran taldeen diskoak ikusi geinkez: Led Zeppelin, Deep Purple, Rolling Stones, Elton John, Village People, Yes, Depeche Mode, Chemical Brothers, Jamiroquai, Kanye West, Neil Young, Noel Gallagher, Bob Marley... Modu batean edo bestean, danek topau eben mendian eta naturan euren sorkuntzarako oinarria.

Erakusketea sei ataletan banatuta dago: Ikuskariak, Agertokiak, Esplorazinoa, Kirolak, Soinu bandak eta Cervino-Matterhorn. Inoiz ikusi bako interpretazinoaren bidez ezagutuko dogu musikearen eta mendiaren arteko loturea, antolatzaileek azaldu dabenez.

Daniela Berta eta Paolo Ferrari dira erakusketearen komisarioak. Lehena Torinoko museoko zuzendaria da eta bigarrena, kazetaria eta musika kritikaria. Ondare Aretoan egindako inaugurazino-ekitaldian izan dira komisario biak, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Mendi Filmeko zuzendari Jabier Baraiazarra be. 

2021eko BBK Mendi Film zinemaldiaren harira ipiniko dituen sei erakusketetako bat da Rock the Mountain izeneko hau. 2022ko zezeilaren 12ra arte ikusi ahal izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu