Fant 2022-ra filmak bialtzeko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2021-11-22 10:35   Zinemea

Bildurrezko eta fantasiazko zineman erreferente da Bilboko festibala.

Zaleak, 2021eko edizinoko saio baten (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maiatzaren 6tik 14ra egingo dabe 2022ko Fant, Bilboko Fantasiazko eta Bildurreko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia. Hortaz, prestakuntzak hasi ditue antolatzaileek eta, Bilboko Udalak azaldu dauenez, interesa daben zinemagile eta banatzaileek filmak bialdu leikiez dagoeneko. 2022ko zezeilaren 6ra arteko epea dabe.

Fant jaialdiaren webgunean dagoan formularioa bete eta gero, filmak Movibeta edo Festhome atarien bidez bialdu beharko dira. Jasoten diran pelikula guztien artean aukeratuko ditue 2022ko edizinoan parte hartuko dabenak. Film laburren ataleko lehiaketetako lanak aukeratzen dituan batzordea barria izango da. Honeek dira kideak: Asier Gerrica-Echevarría (gidoilaria), Víctor Iturregui (gidoilaria eta kritikaria) eta Howard Gorman (kazetaria).

2022ko edizinoan ohiko sariei eutsiko deutse film laburren zein luzeen ataletan: Sail Ofizialeko luzerik onenari 3.500 euro emongo deutsez, Panorama Fantastikoa ataleko irabazleari 2.250 eta film laburrik onenari 3.000. Euskal film laburrik onenarentzat 2.000 euro ditue gordeta.

Ganera, etenaren ostean, 2022ko edizinoan barriro egongo da Publikoaren Saria film luzeen kategorian, diru-saririk bakoa. Igaz ezin izan eben emon, pandemiagaitik zale asko aretoetara joan ezinda geratu ziralako. 

Fantek emoten dituan beste sari batzuk izaten dira zuzendaritzarik barritzaileenari, FAS Zineklubarena; gidoirik onenari, Euskal Gidoigileen Alkartearena; eta ohorezko sariak, tartean Fantrobia, fantasiazko zinemagintzan nabarmendu dan persona bati emoten jakona. 

Argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu