Giza Eskubideak ardatz, Zinexit zemendiaren 22tik 26ra

Bizkaie! 2021-11-22 07:46   Zinemea

Proiekzinoen eta barriketaldien bidez, gogoetarako bitartekoa izango da jaialdia. 

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzeak antolatuta, Bilbon egingo dabe Zinexit, Zinema eta Giza Eskubideen XI. Erakusketea, gaur, zemendiak 22 hasi eta 26ra arte. Sari ugari irabazi dituen filmak proiektauko ditue Golem Alhondiga aretoan, eta gogoetarako abiapuntu izango dira. 

Aitatzekoa da hilaren 25eko egitaraua, ze egun horretan Maixabel ikusi ahal izango da, azkenaldion zeresan handia emon dauen filma. Iciar Bollaínen filmak Maixabel Lasa dau protagonista, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alarguna. Ibon Etxezarreta eta Luis Carrascogaz, Jauregiren hiltzaileakaz, zelan batzen dan kontetan dau. Blanca Portillo eta Luis Tosar dira aktore nagusiak. Donostiako Zinemaldiko Irizar Saria irabazi eban Maixabel-ek irailean. 

Proiekzinoaren ondorengo eztabaidan, Maixabel Lasak berak hartuko dau parte, Golem Alhondiga aretoan. 

Ganerako egunetan be, giza eskubideen inguruko ikuspegi positiboa emoten daben eta jaialdi ugaritan sariak irabazi dituen filmak ikusi ahal izango dira. 2020ko Goya Sarietan film laburrik onenaren lehiaketea irabazita dator Nuestra vida como niños refugiados en Europa. Silvia Venegasen lanak ordu lauren eskasean sartuko gaitu Europan errefuxiauta dagozan miloe bat umeen azalean. 

Zinexiten lehenengo egunean ikusi ahal izango da Venegasen filma, baita Paris Stalingrad dokumentala be, Frantziako errefuxiatu afrikarren bizitzea erakusten dauena. 

Patricia Vidal Delgado zuzendariaren lehenengo filma, La leyenda negra, martitzenean helduko da Bilbora eta, eguaztenean, Feras Fayyaden The Cave. Amaierea, barikuan, zinemearen historiako klasiko batek emongo deutso jaialdiari: Stanley Kubricken Paths of Glory-k. 

Saioak dobakoak dira, baina ordubete lehenago gonbidapenak hartu beharko dira Golem Alhondigako leihatilak. Proiekzino guztiak 19:30ean hasiko dira eta amaieran eztabaida eta barriketaldiak antolatu ditue. 

Umeen eta gazteen kontzientziazinoa lantzea izaten da Zinexiten urteroko beste helburuetako bat. Horretarako, Zinexit Eskola saila eta Bosa! ekimena ipiniko ditue martxan, Bilboko Udalaren laguntzinoagaz. Terra Willy, umeentzat aproposa dan filma emongo dabe martitzen goizean, eta nerabeentzako Binti, mugarik gabeko youtuberra, eguaztenean. 

Ikusi programazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu