Marija Apcevskaren 'North Pole', 63. Zinebiko irabazlea

Bizkaie! 2021-11-19 12:53   Zinemea

Mel Arranzen Azaletik azalera izentau dabe euskal zinemearen ataleko onena.

'North Pole' filmeko irudi bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Jaialdia, Zinebi, azken egunera heldu danez, epaimahaiak bere ebatziaren barri emon dau. Sari nagusia Serbia eta Ipar Mazedoniaren arteko koprodukzino batek irabazi dau, Marija Apcevskaren North Pole fikzinozko film laburrak.

Epaimahaiaren arabera, protagonistearen arpegia baizen delikadua da filma, eta itxaropenaren, betebeharraren, presinoaren eta askapen gozoaren artean dabilen zeozeren moduan agertzen dau emakumeen desirea. Nerabezaroan, drama mugimendu bakar batean sortu eta desagertu zan.

Ibilbide oparoa izan dau North Pole lanak, Zinebiren aurretik Cannesko jaialdi entzutetsuan be erakutsi zalako. Apcevska zuzendaria New Yorkeko Film Academyko ikaslea izan zan eta aurretik Ambi (2012) eta Bardo (2017) film laburrak zuzendu ditu.

Euskal Film Labur Onenaren Saria Azaletik azalera animazinozko lanak irabazi dau. Mel Arranz da zuzendaria. Espainiako Film Labur Onena Descartes izan da, Concha Barquero eta Alejandro Alvaradorena. 

Guztira, 55 film labur lehiatu dira aurtengo Sail Ofizialean: 18 fikzino, 18 dokumental eta 19 animazio. Generoaren araberako Mikeldi Sarien palmaresa hau da: Inherent (Nicolai G. H. Jacobsen, 2021) fikzinozko film onena; Crumbs of Life (Katarzyna Miechowicz, 2020) animazinozko film labur onena; Some Kind of Intimacy (Toby Bull, 2021) dokumental onena.

Zinebi First Film atalean, nazinoarteko zuzendari ugariren lehenengo filmak ikusi ahal izan dira. Epaimahaiak erabagi dauenez, opera prima onenari emondako saria Fern Silvaren Rock Bottom Riser produkzino estadubatuarrarentzat da. Ganera, Jessica Beshir zuzendari etiopiar-mexikarraren Faya Dayi dokumentala nabarmendu dau epaimahaiak, aitamen berezia eginda. 

63. Zinebiko palmaresean beste atal askotako irabazleak be sartu dira. Esate baterako, Gazte Epaimahaiaren Saria Diego Hernández mexikarraren Los fundadores fikzinozko lanak irabazi dau; SGAE-Euskadiko Kontseiluak Maider Oleagaren Kinka saritu dau; eta Ainara Elgoibarri FAS Saria egokitu jako, Rotor film laburragaitik. Azkenik, UNICEF Saria Paula Armijoren Écoutez-moi dokumentalarentzat da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu