'Si pudiera desear algo' dokumentala estreinau dau Dora Garciak Bilbon
2021-11-18 08:44 Zinemea2021eko Arte Plastikoen Sari Nazionalak Zinebi aukeratu dau estreinaldirako.
Azken urteotan Mexiko Urian izandako manifestazino feministetan inspirautako soinu-banda bat osotzea proponiduten dau dokumentalak eta gaur, hilak 18, Golem-Alhóndiga zinema-aretoetan eskainiko dabe. Si pudiera desear algo, Amor Rojo zinema eta testu-proiektuaren barruan dago, sozialismoa eta feminismoaren arteko hartu-emonak ikertzeko helburuari eutsiz.
Bart Dora García bera izan da Arte Eder Museoko Auditorioan ikusleakaz eta Itziar Okariz artisteagaz, dokumentalaren proiekzinoaren ondoren.
Imanol Uribe Bilbon
Imanol Uribe
63. Zinebiko bigarren Ohorezko Mikeldia Imanol Uribe Bilbon dago gaur, hilak 18, Arte Eder Museoan eta barriketaldia Carlos Reviriego Espainiako Filmategiko programazino zuzendariak moderauko dau.
Saio honetan, Uribek zuzendutato eta Zinebin saritutako film labur biak berreskuratu ahal izango ditue ikus-entzuleek: Ez, Lemoizko Zentral Nuklearra eregitearen kontra herritarren burrukea jasoten dauen dokumentala, 1977an, Zidarrezko Mikeldia irabazi ebana; eta Ikuska 13: Euskal kantagintza berria, 1983ko Jaialdiko Euskal Zinemako Sailean aitamen berezia irabazitakoa.
Gainera, topaketara bertaratzen diran ikusleek Uriberen hurrengo filmako lehen irudiak ikusi ahal izango ditue, datorren urtean zinema-aretoetan estreinauko dana: Llegaron de noche (2022) izeneko fikzinoko film luzea Espainia eta Kolonbiaren arteko koprodukzinoa da eta Juana Acosta, Karra Elejalde eta Carmelo Gómez ditu protagonista. Bertan, Uribek Luciaren benetako istorioa kontetan dau, 1989ko zemendian San Salvadorreko José Simeón Cañas Erdialdeko Amerikako Unibersidadean sei abade jesuiten sarraskiaren lekuko bakarra. Biktimen artean Ignacio Ellacuría filosofo, idazle eta teologo bizkaitarra egoan.
Beste alde batetik, Uriberen gaineko Segoviako igesaren 40 urte. Pelikula bat baino gehiago / 40 años de La Fuga de Segovia. Más que una película” erakusketea San Frantziskoko komentu zaharreko aztarnategian egongo da zabalik hilaren 21era arte, eta bertan Jesús Uriartek La fuga de Segovia-ren filmaketan egindako erretratuak egongo dira ikusgai, baita proiektu zinematografiko bat baino zeozer gehiago izan zanaren testuinguru errepetiduezina hobeto ulertzen laguntzen daben hainbat objetu eta dokumentu be.
Sail Ofiziala
Gaur, hilak 18, Zinebiren Sail Ofizialeko proiekzinoak amaituko dira. Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzen daben zazpi euskal film laburrak ikusi ahal izango dira Azkuna Zentroko Auditoriumean: Kinka (Maider Oleaga, 2021), Love Needs Time to Kill (Txuspo Poyo, 2021), Ur azpian lore (Aitor Oñederra, 2021), Berak baleki (Aitor Gametxo, 2021), Azaletik azalera (Mel Arranz, 2021), Vatios (David Pérez Sañudo, 2021) eta Yungay 7020 (Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merino, 2021).
Golem-Alhóndiga zinema-aretoetan be izango dira Sail Ofizialeko – ZIFF Zinebi First Film Nazinoarteko Lehiaketako azken hiru proiekzinoak. Hurrengo film dokumentalak egongo dira ikusgai: Faya Dayi (Jessica Beshir, 2021) Etiopian girotutako dokumentala, Sundancen estreinau eta Hot Docs (Kanada) eta Visions du Réel (Suitza) jaialdietan saritua; Language Lessons (Natailie Morales, 2021), zuzendaria bera eta Mark Duplass aktorea protagonista dituan fikzinoa eta The Train Passed By (Kam Jeong-Won, 2021) Koreako fikzinoko film, Jeonjuko Zinemaldiko (Korea) igazko edizinoan estreinautakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!