Mexikoko jatorrizko herriak emakumeen begiradatik, Zinebin

Bizkaie! 2021-11-15 10:28   Zinemea

Sei film proiektauko ditue hilaren 16tik 18ra. 

Zinemagile mexikarrak, Bilbon egindako topaketan (argazkia: Zinebi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiak, Zinebik, aurten dakarren zikloetako bat izango da Mexikoko herri indigenen errealidadea eta emakume zinemagileen lana buztartzen dituana. Sei film aukeratu ditue, eta hilaren 16tik 18ra ikusi ahal izango dira Bilbon. Yunuen Cuenca da zikloaren komisarioa, gai horretan aditua dan sortzailea.

Proiekzinoen aurretik, Mexikoko zinemagileen topaketea egin dabe, Yunuen Cuenca moderatzaile dala eta Focus: México, mujer y cines originarios izenburupean. Parte-hartzaileak izan dira Mexikoko Emakume Indigenen Batzar Nazionalaren kide Zenaida Pérez Gutiérrez, mixe hizkuntzan aditua dan Yasnaya Aguilar Gil eta Zinebiko zuzendari Vanesa Fernández, baita zinemagile batzuk be: Itandehui Jansen, Luna Marán, Concepción Suárez Aguilar eta Yolanda Cruz. 

Proiekzinoaren zikloari jagokonez, Mexikoko Zinematografia Institutuaren (IMCINE) laguntzinoagaz antolatu dau Zinebik. Sei filmak dira emakumeek zuzendutakoak, eta Mexikoko herrialde indiginen errealidadea ikuspegi ugaritatik erakusten dabe. Hauxe da programea:

- Koltavanej, Concepción Suárez Aguilar, dokumentala. 

- Guenati'za, Yolanda Cruz, dokumentala.

- Me parezco tanto a ti, Luna Marán, dokumentala.

- Kii Nche Ndutsa, Itandehui Jansen, fikzinoa.

- Tío Yim, Luna Marán, dokumentala.

- Nudo Mixteco, Ángeles Cruz, fikzinoa.

Sortzaileon lanari autortzea egiteko aprobetxauko dabe zikloa. Izan be, IMCINEko zuzendari María Novarok adierazo dauenez, zinemagilea, emakumea eta indigena hiru baztertze-berba dira, eta ez dogu gehiago onartuko. Orain ez dira baztertze-berbak, abangoardiakoak baino.

Azken edizinoetan, Zinebi ahalegindu da mundu osoko emakume zinemagileei lekua gordeten, ziklo berezien eta bestelako jardueren bidez. Oraingo honetan, Mexikoko jatorrizko herrien errealidadeagaz buztartuta dator emakume sortzaileei egindako aintzatespena. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu