Lekeitioko Ikusgarri zinema-aretoa betetea da erronkea aurten

Bizkaie! 2021-11-15 07:45   Zinemea

44. Euskal Zine Bilerea, zemendiaren 20tik 28ra.

Zinema-aretoetako ateak edegita dagoz barriro be. Zinemazaleak pantaila handiaz gozau leikie eta Euskal Zine Bilerea be horren parte izango da. Aurtengo eduki guztiak barriro be zinema-aretora eroango ditu zemendiaren 20tik 28ra egingo dan jaialdian.

Lekeitioko Euskal Zine Bilereak bere ohiko egiturea berreskuratuko dau baina igazko esperientzia gogoan hartuta, edukiak online jarraitzeko aukerea be emongo dau. Igazko urtea ezohikoa izan zan arlo guztietan eta jaialdia online egitea eragin eban pandemiak. Erabagi horrek aukera barriak azaleratu zituan. 44. edizino honetan zinema-aretoa bete nahi dogu barriro baina hurreratu ezin diranak ahaztu barik, zinebilera.eus orrialdearen bidez edukiak eskainiz; hori bai, jaialdiaren atal guztiez gozau ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinema-aretora hurrartzea izango da, honek izango dauelako lehentasun osoa.

Jaialdiaren atal esanguratsuenak online be jarraitu ahal izango dira. Film laburren lehiaketea edota barriketaldiak pantailearen bidez ikusi ahal izango dira, meskuko telefonoan, ordenagailuan edo telebistan. Euskal Zine Bilerearen webguneak jaialdiaren informazino guztia batuko dau leku berean eta jarraipena egiteko aukerea emongo dau. Duda barik, zinebilera.eus orrialdea euskerazko zinemearen erakusleiho bilakatuko da jaialdia ospatzen dan egunetan.

Sortu, partekatu, saretu

44. Euskal Zine Bilereak aurreko urteetan landutako espazioei eutsiko deutsee, eduki guztiak 3 ataletan: Euskerazko zinemea SORTU, Euskeraren zinemea PARTEKATU eta Euskal Zinemagintzeagaz SARETU.

SORTU atalean, zinemearen esperimentazino eta alfabetizazinoagaz lotutako ekimenak egongo dira. Alde batetik, Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean egiten dan Kameratoia izango da. Gazteentzako euskerazko ikus-entzunezko rally honetan izena emoten daben taldeek, ordu gitxi batzuk besterik ez ditue izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango da, beka honen bidez euskerazko zinemea indartzeko ahalegina egingo da, proiektuen lehiaketea bultzatu eta aukeratukoari finantziazinoa eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzeari esker sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da.

PARTEKATU atalean, zinemearen arlo ezbardinak alkarbanatzeko helburua daben espazioak azaltzen dira: Aurre aukeratuak izan diran 20 lanek osotuko daben Sail ofizialeko lehiaketa izango da. Film horreek zeintzuk diran jakin gura? Horreen inguruko informazino guztia zinebilera.eus orrialdean topauko dozue. Irabazleak aukeratzeko arduradunak Ane Pikaza, Iratxe Fresneda eta Izaskun Arandia izango dira. Beste aldetik, Euskal zinemagintzearen figurea eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemearen Begiradea izango da. Nork eroango dau? Hori ezagutzeko oraindino aste batzuk itxaron beharko ditugu.

SARETU atalean, barriz, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeakaz jarriko dira hartu-emonetan. (H)emen alkarteagaz batera, euskal zinemagintzearen egoerea eta ezinegonak jorratzeko barriketaldia atonduko dabe. Era berean, igaz estreinautako Pantaila Edegia espazioan, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat edegiko jake eta aurten Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. Bestalde, joandako sasoietatik datozen irudi eta soinuak batzea helburu dauen Atzo8 atalean, euskal zinema amateurrari buruz martxan dagoan ikerketeagaz jarraituz, zinemagileei eta euren filmeei buruzko saioak atonduko dira. Aurten Tramana Pictures produkzino etxea sortu eben lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari eskainiko jako atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalagaz lankidetzan jarraitzea da asmoa, aukeratutako film baten ikustaldia eta barriketea eginez.

Euskerazko zinemea bultzatzen

Aitatutako edukiakaz Lekeitioko Euskal Zine Bilereak urtebete gehiago euskerazko ikus-entzunezkoak bultzatzen jarraituko dau eta ez ditu ahaztu gura lan honetan bidelagun izandako erakundeak, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Zinegin, Hitza, Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Alkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak, Animadeba, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zinema Eskolea eta ZineLab.

Lekeitioko 44. Euskal Zine Bilera euskerazko ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatu da urte honeetan guztietan; aurten be holan izango da eta gure ama hizkuntzearen bidez zinemea beteteko ahalegina egingo da, zinemea dalako gure indarra.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu