Arriagan hasiko da 63. Zinebi gaur, zemendiak 12
2021-11-12 08:40 ZinemeaMargarethe von Trotta alemaniarrari Ohorezko Mikeldia emongo deutse inaugurazino galan.
Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Nazinoarte Jaialdia da Zinebi eta mundu guztiko 123 film dakarz 63. edizinoak, gaur, hilak 12, hasita. 3.500 proposamen aztertu eta gero aukeratu ditue antolatzaileek aurtengo Sail Ofizialean eta bestelako ataletan parte hartuko daben lanak. Hortaz, nazinoarteko zinemagintzea zertan dan ezagutzeko aukera ederra emongo dau Zinebik, zemendiaren 19ra arte.
Aurtengo edizinoan aitatzekoa da emakume zuzendariek izango daben pisua, programautako pelikulen erdiak inguru emakumeek eginak dira. Euskal produkzinoei be leku zabala egingo deutse: 34 film labur eta 11 luze. Sail ofizialeko nazinoarteko film laburren lehiaketan zazpi euskal zuzendarik hartuko dabe parte: Azaletik Azalera (Mel Arranz); Berak baleki (Aitor Gametxo); Kinka (Maider Oleaga); Love Needs Time to Kill (Txuspo Poyo); Ur azpian lore (Aitor Oñederra; Vatios (David Pérez Sañudo); eta Yungay 7020 (Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merino) dira.
Sail Ofizialeko lehiaketa nagusiaz aparte (55 film lehiatuko dira), aitatzekoa da Zinebi First Film saila, lehenengo pelikulea aurkeztu daben egileak saritzen dituana. Dokumentalen atalean, Beautiful Docs, Munduko Dokumentalen Panorama sail ez-lehiakorra dakar 63. Zinebik, baita Bertoko Begiradak be, euskal sortzaileen lanak erakusteko. Hogei film ikusiko dira Bertoko Begiradak-en, horreetako hamahiru Cineclub FAS Saria irabazteko hautagaiak.
Gaur, von Trotta protagonista
Ohorezko Mikeldi bi emongo ditue Zinebiren 63. edizinoan, bata Margarethe von Trottari eta bestea Imanol Uriberi. Arriaga Antzokian izango da inaugurazino galea, gaur, 19:30ean, jaialdiko arduradunak eta erakunde publikoetako ordezkariak bertan dirala. Von Trottari gorazarre egiteko aprobetxauko dabe ekitaldia.
1968ko Iraultzearen ondorengo urteetan emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa erakusten jakin izan dauelako eta zinemagintzearen historiako autore feministen artean nabarmendu dalako emongo deutse Ohorezko Mikeldi Saria Margarethe von Trottari.
Ganera, bihar, hilak 13, Helena Taberna zinemagile nafarrak gidatutako topaketa baten izango da von Trotta, Bilboko Arte Eder Museoan. Saio horretan, Die bleierne Zeit proiektauko dabe, Von Trottaren pelikularik txalotuenetakoa dan horren estreinalditik 40 urte pasau diralako.
Beste Ohorezko Mikeldia amaierako galan hartuko dau Imanol Uribek, zemendiaren 19an, Arriagan. Publikoaren onespena eta sari ugari eskuratu ditu Uribek bere ibilbide luzean, besteak beste, Segoviako ihesa, Mikelen heriotza, Días contados, El rey pasmado eta La carta esférica zuzendu ditualako.
63. Zinebi prest dago, beraz, bilbotarrei eta ingurukoei zinemagintzaz betetako egitarau betea eskaintzeko. Programautako film gehienak Azkuna Zentroan ikusi ahal izango dira, eta sarrerak salgai dagoz, saio bakotxa 4,50 euroan. Hamar ekitalditarako bonua 35 euroan dago eta deskontuak dagoz ikasle, erretiradu eta lan bakoentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!