'Go!azen' telesailaren 8.0 denporaldiaren aurrestreinaldia, Zinebin

Bizkaie! 2021-11-05 12:38   Zinemea

Zemendiaren 14an izango da saioa, Bilboko Azkuna Zentroan.

Mundu osoko film labur eta dokumentalik barrienen topagunea da Bilboko Zinebi jaialdia urtero-urtero, eta aurtengo edizinoa, 63.a, ez da salbuespena izango. Dana dala, sormenari eta ikus-entzunezkoei lotutako bestelako ekitaldiak be antolatzen ditue, esate baterako, zemendiaren 14an, ETBko Go!azen telesail arrakastatsuaren 8.0 denporaldiaren aurrestreinaldia hartuko dau festibalak. 

Azkuna Zentroan egingo dabe atal barrien aurkezpena, ekitaldi berezi baten. Hantxe izango dira Zinebiko arduradunak eta Go!azen telesaileko protagonista batzuk. Hortaz, proiekzinora doazan gazteek euren aktore gogokoenak ikusi ahal izango ditue bertatik bertara. Ganera, 8.0 denporaldiko lehenengo atala emongo dabe pantaila handian.

Bilboko aurrestreinaldira joateko sarrerak salgai dagoz 4,50 euroan. Horreek erosteko, Zinebiren edo Golem Alhondigaren webguneetara jo behar da. 

Telebistarako sortu eben arren, fenomeno transmedia bihurtu da azkenaldion Go!azen, euskarri digitaletara salto eginda. Gazte euskaldunen artean dauen ospeari eutsi ahal izan deutso apustu horri esker. 8.0 denporaldiaren aurkezpena Euskal Herri osoan egiten dabiz: Zinebiren eskutik Bilbora heldu aurretik, aurrestreinaldiak egin ditue Barakaldon, Donostian eta Gasteizen, eta Iruñean be antolatuko dabe beste bat.

Aurrestreinaldien txandea amaituta, zemendiaren 19an hasiko da 8.0 denporaldia, ETB1en eta euskarri digitaletan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu