Zineuskadik eta Etxeparek hartuko dabe Kimuak programearen ardurea
2021-11-04 13:55 Zinemea1998tik egiten dan zabalkunde eta sustapen lanari eutsiko deutsela agindu dabe.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakitera emon dauenez, euskal film laburrak sustatzeko Kimuak programea Zineuskadiren eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapean dago zemendiaren 2tik. Horrek aldaketak ekarriko ditu egitasmoaren antolakuntzan eta kudeaketan, baina, sortzaileei zein ikus-entzuleei jagokenez, betiko lez segiduko dau. 1998an sortu zanetik egiten dauen sustapen eta zabalkunde lanari bardin eutsiko deutsela agindu dabe arduradun barriek.
Euskal Filmotekea izan da Kimuak programearen orain arteko arduraduna. Aurrerantzean, Zineuskadi izango da arduradun nagusia, Etxepare laguntzaile dauela.
2022an gogoeta estrategikoa egiteko asmoa dabe Zineuskadik eta Etxeparek, Kimuak programearen orain arteko bidea aztertu eta gaur egungo beharretara egokitzeko. Euskal film laburretako talentua modu integralago baten sustatzeko moduak jorratuko ditue, besteak beste.
Ardura barriari ekiteko, Zineuskadiko lan taldean sartu da Esther Cabero. Kimuak ederto ezagutzen dau Caberok, programako lankide izan dalako 2011tik, eta Zineuskadin be horregaz lotutako zereginetan ibiliko da.
Urtero euskal film laburren katalogoa atontzen dabe, Kimuak zigilupean. Filmak aukeratzeko orduan, kalidadea, ausardia eta originaltasuna hartzen dira kontuan, baita lanek ahalik eta publiko zabalenera heltzeko daben gaitasuna be. Katalogoa zinemaldi nagusietara eta ikus-entzunezko ekitaldietara bidaltzen da, euskal produkzinoak nazinoarteko publikoaren eta banatzaileen eskura egon daitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!