XV. Laboral Kutxa Punta Galea Txapelketan zain egoteko aldia zemendiaren 1ean zabalduko da
2021-10-26 13:43 KirolaGalean 20.000 lagun batzea espero dabe atontzaileek.
Badator olatu handien txapelketea, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, igaz izandako etenaldiaren ondoren. Olatu handien zain egoteko aldia zemendiaren 1etik martiaren 31ra egongo da zabalik baina aurretik bost hilebete dagoz Galeako itsaslabarren inguruetara olatu handien etorrerea erraztuko daben baldintza meteorologikoak subertau daitezan.
Babesle barriei esker sariak % 50 zabalduko dira eta, beraz, ondoen sailkatutako surflarien artean 20.500€ emongo dira. Gainera, eskuko telefonoetarako aplikazino bat sortu da, probea zuzenean jarraitzeko.
Getxoko alkate Amaia Agirrek eskertu nahi izan deutse babesleei surfaren munduan hain garrantzitsua dan proba honen alde emondako babesa: Olatu handietan profesionalak diran surflarien topaleku izaten da Getxo eta aurkezpen hau aprobetxau gura neuke eskertzeko eta aintzatespena adierazoteko batzorde antolatzaileari, Getxo Surf Taldeari, Euskal Herriko Surf Federazinoari eta Getxo Kirolak alkarteari.
Txapelketan parte hartuko dauen Alberto Tito Ortega surflariak, barriz, Galeakoa mundu mailako txapelketea dala azpimarratu dau eta egun bakarrean bada be, nahitaezkoa dala txapelketan parte hartzea.
Aurreko edizinotan lez, helburua da hileotan 5-7 metrora arteko olatu handiak topau eta hitzordurako deia di-da egitea; surflariei 3 egun lehenago deituko jake. Beste urte batez, Getxoko Udalak dobako autobus zerbitzu bat eskainiko dau, ikusleak Bidezabaleko metro geltokitik Galeara eroateko.
Hogeita lau izango dira surflariak, erdiak nazinoartekoak (egungo Punta Galea Challengeko txapelduna, Lucas Chianca brasildarra, Alex Bothelo portugaldarra eta Pierre Rollet baionarra).
Era berean, Getxon izango dira Nic Lamb kaliforniarra eta Grant Twiggy Baker hegoafrikarra, olatu handiko zirkuituko eta proba getxotarreko historikoak, baita Antonio Laureano gazte portugaldarra be. Lehiakideen artean izango dira bertoko 12 surflari baina horreen behin-betiko zerrendea hurrengo sei egunetan emongo dabe ezagutzera eta hautaketaz arduratuko dira batzorde antolatzailea eta surflarien kolektiboa.
Laboral Kutxa Punta Galea Challenge ospakizuna itsas eta irristaketa kirolakaz lotutako industriaren sustapenerako Getxoko Udalaren apustuari jagoko, ekonomiaren eta ongizatearen sorrera-iturri izateagaitik. Esangura horretan, udalerriak barrubatzen ditu sektoreagaz lotutako 60 bat enpresa, Getxo Itsas Hub egoitzea kudeatu eta ekosistema bat osotzen dau Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Sopelako Udalagaz eta probintziako beste udal batzuekaz, euskal unibersidadeakaz
eta horreekaz lotutako eragile ugarigaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!