Mundu osoko 123 film Zinebin, zemendiaren 12tik 19ra
2021-10-25 13:53 ZinemeaPelikulen erdiak emakumeek eginak dira.
Azken prestakuntzak baino ez jakoz falta 63. Zinebiri, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiari. Parte hartuko daben pelikulen zerrendea prest dago, eta Ohorezko Mikeldiak Imanol Uriberi eta Margarethe Von Trottari emongo deutsezela be badakigu. Danetara, 123 film proiektauko ditue Bilbon, zemendiaren 12tik 19ra; horreetatik 55, film laburren sail ofizialeko lehiaketan.
Aurtengo edizinoan aitatzekoa da emakume zuzendariek izango daben pisua. Gizonek betidanik ikusgaitasun handiagoa izan dabe zinemagintzan, baina Zinebi egoera horri bueltea emoteko lanean dabil aspalditik. Horren ondorioz, programautako pelikulen erdiak inguru dira emakumeek zuzendutakoak.
Euskal produkzinoei be leku zabala egingo deutse: 34 film labur eta 11 luze euskal produkzinoak izango dira. Sail ofizialeko nazinoarteko film laburren lehiaketan zazpi euskal zuzendarik hartuko dabe parte: Azaletik Azalera (Mel Arranz); Berak baleki (Aitor Gametxo); Kinka (Maider Oleaga); Love Needs Time to Kill (Txuspo Poyo); Ur azpian lore (Aitor Oñederra; Vatios (David Pérez Sañudo); eta Yungay 7020 (Raquel Calvo Larralde eta Elena Molina Merino) dira.
Euskal Herritik kanpoko lanak be ez dira faltauko egitarauan. Zinebiko antolatzaileen arabera, 41 herrialdetako fillmak aukeratu ditue aurten. 3.500 proposamen jaso zituen 63. edizinoan parte hartzeko, beraz, hautapen-batzordeak lan galanta izan dau.
Nazinoarteko epaimahaiak erabagiko dau sari nagusiak nori emon. Aurtengo edizinoan honeek dira epaimahaikide: Isabel Herguera animazinoko zinemako zuzendari eta produktore gipuzkoarra; Itandehui Jansen zuzendari mexikarra; Jone Laspiur euskal aktorea; James Lattimer, Berlinale Forumeko hautaketa-batzordeko programatzaile, kritikari eta zinemagilea; eta Florencia de Mugica produktore argentinarra.
Lehiaketa nagusiaz aparte, aitatzekoa da Zinebi First Film saila, lehenengo pelikulea aurkeztu daben egileak saritzen dituana. Dokumentalen atalean, Beautiful Docs, Munduko Dokumentalen Panorama sail ez-lehiakorra dakar 63. Zinebik, baita Bertoko Begiradak be, euskal sortzaileen lanak erakusteko. Hogei film ikusiko dira Bertoko Begiradak-en, horreetako hamahiru Cineclub FAS Saria irabazteko hautagaiak.
Zemendiaren 12ko inaugurazino ekitaldia Arriaga Antzokian egingo dabe, baita amaierako galea be. Azken horretan emongo deutsez sariak palmaresean sartu diran lanei, Sra Polaroiskak girotuta (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe artisten kolektiboa da hori).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!