Martinjn Winkler zuzendariak irabazi dau VII. Serieslandeko Showrunner Saria

Bizkaie! 2021-10-25 07:50   Zinemea

Casa de Ma lanak irabazi dau Euskal Sailik Onenaren Laboral Kutxa saria.

'Hitte', Martinjn Winkler | Ikusi handiago | Argazki originala

Seriesland, Bilbon egiten dan Nazinoarteko Websailen VII. Jaialdiak jakinarazo dau nortzuk diran sarien irabazleak zerrendako 30etik gora kategoriatan:

Herbehereetako Martijn Winkler zuzendariak irabazi dau Epaimahaiaren Sari Handia showrunner legez, hau da, egile eta produktore figurearena, websailetan sorkuntza erantzukizunik handiena dauenarena. Martijn Winkler Hitte lanagaz lehiatu da Sail Ofizialean; suspenseko obrea da eta klima aldaketearen arazoan oinarrituta dago. Personaia batzuen gorabeherak azaltzen dira bero olatu zakar batek jotako auzo batean. Epaimahaiaren eretxiz, gure aurreko istorioetan seguru geratzea eta munduko pandemiaren aurrean egonkortzeko zain egotea zan ulergarriena. Idazlea, zuzendaria etasortzaile digitala, Winkler, 43 urteko zinemagilea da, Herbehereetan eta AEBetan ikasi dauena. Ia hogei urteko ibilbidean film laburrak, websailak eta telebistako sailak, dokumentalak eta film luzeak sortu ditu, horreetako batzuk nazinoarteko lehiaketetan sarituak. Hitte, 2020ko produkzinoa da, denporaldi bakarrekoa eta 12 atalez
osotua.

Serieslanden Sail Ofizialean, aitatzekoa da Kanadako Félix, Maude et la fin du monde lanari sailik onenagaitik emon deutsen saria eta Nikita Tamarov errusiar zuzendariari emon deutsena Married live scenes lanagaitik. Herrialde berekoa da Fyodor Lavrov eta horri gizon aktorerik onenarena emon deutse Youtube Policemen lanean egindako interpretazinoagaitik eta Sofia Banzhafihartu dau emakume aktorerik onenarena, The Communist’s Daughter lanean protagonista moduan egindako lanagaitik. Zinemagintzan herrialde ezezaguna izan arren, Kazakhstango Night Witches lanak irabazi dau zinematografia onenarena eta Suitzako Metta da fein lanak, barriz, gidoirik onenarena. Errusiako beste lan batek jaso dau epaimahaiaren aitamen berezia, Chicks lanak, hain zuzen eta horrek berresten dau kopuru aldetik nahiz kalidade aldetik Errusiak emon dauen irudi bikaina aurtengo Seriesland jaialdian; danetara, herrialde horretatik datozen obrek zazpi sari irabazi ditue.

Bertoko sortzaileek be arreta berezia izaten dabe sariketa honetan eta aurten Casa de Ma lanari emon deutse epaimahaikoek Laboral Kutxa Saria, thriller tragikomiko bat Andrea Menesesek zuzendua. Sariaren barruan, bidaia eta egonaldi bat sartzen da Alemaniako Giessen urian eta saila Die Seriale nazinoarteko jaialdia aurkezteko aukerea.

Euskal edukirik originalenaren saria Gabo Brownentzat izan da, kontrabaxularia bera Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta Youtubeko esperimentu bitxi baten egilea baxu elektriko askoz rockeroagoaren inguruan. Euskal Herriko lanetatik, horreek biak eta Zikings eta 300 hautatu ditue websailen nazinoarteko zortzi jaialditan parte hartzeko, Alemanian, Italian, Errusian, AEBetan, Brasilen eta Korean.

Ez-fikzinokoen sailean, dokumentalik onenarena emon deutse Australiako There is no I in Island obreari. Eta Ames sailak, produkzino originalenak eta sormen handikoenak saritzen dituanak herrialde bereko lan bat baino gehiago autortu ditu: Hit the ground running, sail independenterik onena; eta Sally McLean, sortzaile independenterik onena, Shakespeare Republic lanangaitik. Steve Becker iparramerikarrak eroan dau zuzendari independenterik onenarena, Brazzy Jazzy lanagaitik. Ames sailean, gainera, gauza bitxia jazo da, Hannes Hellmann alemanak bigarrenez jarraian irabazi baitau aktorerik onenaren saria.

Serieslandek ondoko erakundeen babesa dau: Beaz, Bilbao Ekintza, Kultur eta Kirol Ministerioa, Laboral Kutxa, Zineuskadi, Ikey Group Comunicacion eta Euskotren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu