‘Zutik!’ euskerazko animazinoko filma zinema-aretoetan, urriaren 22tik aurrera

Bizkaie! 2021-10-22 09:10   Zinemea

Naturea jagotearen garrantzia eta teknologiaren aurrean dogun menpekotasuna jorratzen ditu

Familia osoarentzako filma da Zutik! eta, besteak beste, eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturea jagon behar dala sustatzea dau helburu. Fantasiazko eta abenturazko mundu baten sartzeko leihoa da Zutik!, egungo gizarte modernoak teknologiaren aurrean dauen gehiegizko loturea eta ondorioz, natureagazko deskonexinoaren inguruan hausnartzeko gonbita.

Mundu antagoniko biren inguruko istorioa da Zutik!: Batetik, iratxoek jagoten daben mundu koloretsua dago: parkea. Zugatzez eta landarez jositako ingurua da parkea; bertan, dana da algarea, dana aniztasun, dana bizitzea. Parkean bizi dira Mithy, Liz, Hur eta gainerako iratxoak. Zugatz beste iratxo dagoz. Bestetik, gizakien uria dago. Porlanak, kutsadureak, keak eta teknologiak hartutako eremua da uria. Eraikin altuek eta batetik bestera gailu elektronikoakaz itsututa dabizan gizakiak bizi dira urian, baita Helene, filmaren protagonistea be. Heleneren aita da uriko alkatea eta parke naturala 5G antenaz hornidutako parke teknologiko bihurtu gura dau.

Proiektua orain lau urte sortu arren, zoritxarrez, pandemiaren ondorioei aurre egin behar izan deutse. Osasun larrialdi betean, hiru herrialde produktoreen arteko alkarlana korapilatu eta proiektuaren bideragarritasuna kolokan egon zan, izan be, ziurbakotasunak sektore zinematografikoari, aretoei eta produkzino-kateari eragin eutsen.

Proiektuko adarren arteko hartu-emonak online baino ez ziran. Holan azaldu dau Egoitz Rodriguez filmaren produktoreak: Urte bitan ez dogu aurrez aurreko bilerarik izan produkzino taldeen artean. Ez da erraza izan filma zarratzea, momentu askotan sensazioak, tonuak, keinuak eta bestelakoak ezin konpartidutearen faltea izan dogu. Komuniketako tresna birtualek ahalbidetu dabe gure arteko komunikazinoa; bestela, produkzinoa ezinezkoa izango zan. Azkenean, 3D animazinoaren arlo korapilatsuan aurrera egitea lortu eben.

Era berean, filma babesten daben etxeek (Baleuko SL, Polar Estudio eta Tortuga Estudios) Filmax banatzailearen laguntzea izan dabe proiektua aurrera eroateko.

Filma nazinoartean banatzeaz, barriz, Filmax arduratuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu