Euskal zinemea protagonista Abycine Jaialdian, urriaren 21etik 29ra
2021-10-21 09:01 ZinemeaEsti Urresola Laudioko zuzendariak Polvo Somos lehen film laburra aurkeztuko dau.
Jaialdiaren hogeita hirugarren edizinoan, Abycine Indie sailak hiru euskal film hautatu ditu; atal horrek jentaurrean erakutsi bako eta zinema gaztearen fenomeno independentearen erakusgarri diran zuzendari espainiarren lanak eskaintzen ditu: Batetik, Aitor Merinok zuzendutako azken lana, Fantasia. Proiektuaren gidoia idazten Aitor bera ibili da, Ainhoa Andraka, Zuri Goikoetxea eta Amaia Merinogaz batera. Doxa Produkzinoak-en film honek hainbat urtez bakotxa bere aldetik ibili ondoren Fantasia izeneko itsasontzi batean itsas bidaia egiteko batzea erabagiten dauen familia baten istorioa dakar. Itsaso zabalean badirudi denporea ez dala pasetan, baina horizontetik harago errealidadeak aurrera egiten jarraitzen dau.
Bestalde, Iván Ruiz zuzendariak bere opera prima erakutsiko dau Albaceten: Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas. Lana Amania Filmsek produzidu dau eta Juliaren istorioa dakar, Blanca Portillo protagonista dauela. Erretiroa hartu barri dauen emakumea da Julia eta erabagi gatxa hartu beharrean dago, bere amesa jarraitu eta eskultore izan, edo dana alde batera itxi eta gaixorik dagoan ama jagoten geratu.
Dynamite Filmsek produzidu eta Juan Gautierrek zuzendutako Shooting for Mirza lana be izango da jaialdian: Dankok, Mirza Delibašić saskibaloi legendearen semeak, bidaia emozional bati ekingo deutso bere aita barriro topetako. Euren hartu-emonetan sartu eta aitaren nortasun berezi eta eztabaidagarriari buruz ezagutzen ez zituen alderdi batzuk topauko ditu.
Film laburrak be bai
Danetara, 26 film labur hautatu ditue Abycine Cortos sailean lehiatzeko eta horreetatik bost Euskadikoak dira, besteak beste, Lanak igaz Zinebiko Film Labur Onenaren saria irabazi eban eta astegoien arraro eta maitagarria bizi daben lau emakumeko familia baten erretratua egiten dau.
Kevin Iglesiasek eta Pedro Riverok Los días que (nunca) fueron film laburra aurkeztuko dabe. Abrakamek, Media Attackek, Euskal Herriko Zinema Eskoleak eta Amania Filmsek produzidu dabe lan hau eta Zineuskadiren eta EiTBren partaidetzea be badauka. Era berean, Itxitik deialdian parte hartu dau. Fenomeno bitxi bat jazoten dan arte euren bizitzako momenturik onena bizitzear dagozan hiru personaiaren historia erakusten dau lanak.
Era berean, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean parte hartu ondoren, sensazino onakaz joango da Mikel Gurrea jaialdira, Heltzear lanagaz. Irusoinek produzidutako euskerazko film laburra da, 2000. urteko Donostian girotua eta euskal gatazkea nerabeen ikuspegitik jorratzen dau: Sara, 25 urteko eskalatzailea bere bizitzako igoerarik gatxenerako entrenetan dabil falta dan anaiari gutun bat idazten deutson bitartean.
Homeless Home be erakutsiko dabe, Alberto Vázquezen azken lana, Iván Miñambresek eta Uniko Films eta Autour de Minuit enpresek produzidutakoa. Bai Espainian bai nazinoartean autortza ugari jaso dituan film labur hau Alberto Vázquezek umezaroan irakurritako Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da. Krisi ekonomikoaren ondorioz, jaioterrira bueltan doazen hainbat protagonista erakusten ditu filmak, ogroaren, orkearen eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.
David Pérez Sañudo be ez da faltako Abycinen, azken urteko zinemagile entzutetsuenetako bat. Bilboko zuzendariak La colcha y la madre izeneko azken film laburra aurkeztuko dau Albaceten. Lan honetan Marina Paresen laguntzea izan dau, barriro be, gidoia egiteko, eta alaba eta ama baten arteko familia-istorio xume eta hunkigarria aurkeztuko deusku.
Azkenik, Hecho en CLM atalak be euskal lan bat izango dau, Roberto Valle zuzendariaren Nacer izeneko animazino proiektua, UniKo eta Auntie Filmsek produzidutakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!