Getxo Express 2021, urriaren 22tik 24ra

Bizkaie! 2021-10-20 10:56   Zinemea

Parte-hartzaileek 42 ordu izango ditue emondako gaiaren inguruko film laburrak egiteko.

Seigarren edizinoa beteko dau Getxo Express lehiaketeak. Getxoko Udalak aurreratu dauenez, urriaren 22tik 24ra egingo dabe lehiaketea bera, jarduera osogarriak 21ean hasiko diran arren. Aurkeztutako pelikula laburrak Muxikebarrin ikusi ahal izango dira domekan, 19:00etan.

Lehiaketearen baldintzak erraz ulertzekoak dira: izena emoten dabenak Getxon batuko dira 22an, barikuan, eta gai sorpresea zein dan esango deutse antolatzaileek. Hilaren 24an entregau beharko ditue gai horren inguruan egindako film laburrak (lau minutukoak), hau da, gehienez 42 ordu izango ditue lan guztia egiteko, egun bi baino gitxiago. Ganera, pelikula guztien irudietan gitxienez Getxoko leku bi agertu behar dira. 

Antolatzaileen arabera, parte-hartzaileek sormena, asmamena eta originaltasuna behar-beharrezkoak izango ditue, egun bi baino gitxiago izango dituelako film labur bateko gidoia pentsau, irudiak grabau eta istorioa editetako. 

2021eko Getxo Expressek 2.100 euro banatuko ditu saritan. Batetik, epaimahaiak lehenengo saria (1.000 euro) eta bigarrena (800 euro) emongo ditu. Bestetik, Muxikebarriko proiekzinora doazan ikusleek euren film gogokoenaren aldeko botoa emon ahal izango dabe, publikoaren saria (300 euro) nori emon erabagiteko. 

Ikus-entzunezkoen sektoreko hiru aditu egongo dira aurtengo edizinoko epaimahaian: Ana Hormaetxea, Euskal Gidoigileen Alkarteko presidentea; Iñigo Aranburu, aktorea eta zuzendaria; eta Paula Díaz, soinu-banden konpositorea.

Lehiaketearen bezperan, urriaren 21ean, Getxo Expressegaz lotutako jarduera osogarriak egingo dira Getxon. Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak masterclassa gidatuko dau Muxikebarrin, 17:00etan, eta, ondoren, Izagirrek berak zuzendutako Nora film luzea ikusi ahal izango da. Proiekzinoa euskeraz izango da, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu