Zuzeneko proiekzinoen 40 ordu dakarz asteon VII. Seriesland-ek

Bizkaie! 2021-10-18 13:45   Zinemea

Aurrez aurre zein online, munduko websailik barrienak aurkeztuko ditue.

Jaialdiaren aurkezpena, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, urriak 18, hasiko da Bilboko VII. Seriesland, interneteko ikus-entzunezkoen nazinoarteko jaialdia. Bilborocken ekingo deutse aurtengo edizinoari, nazinoartean sendotu, websailen generoko jaialdi esanguratsuenetako bat bihurtu eta ikus-entzunezkoen topagune izateko asmoz. Interneten ikusteko beren-beregi egindako sail laburrak dira websailak, eta Bilboko hitzordua aintzindaria izan zan formatu horri lekua egiten.

Munduko bazter guztietako ordezkariek hartuko dabe parte zazpigarren edizinoan, hilaren 23ra arte. Europakoenak ez eze, Amerikako, Asiako eta Ozeaniako sortzaileen lanak ikusi ahal izango ditu Bilboko publikoak, danetara 40 ordu baino gehiago hartuko ditue proiekzinoek. Herrialde exotikoenen artean aitatu leitekez Kazakhstan, Vietnam eta Polinesia Frantsesa. 

Euskal Herriko ordezkariak be ez dira faltauko, Basqueguna izeneko atal eta guzti. Bertoko sortzaileak, produkzino-etxeak eta banatzaileak batuko dira egun horretan, interneteko ikus-entzunezkoen euskal sektorean proiektu barriak bultzatzeko. Euskeraz sortutako websailak be badagoz egitarauan.

Danetara, Sail Ofizialean 120 websail ikusi ahal izango dira. Jarduera osogarrien artean, berbaldiak, mahai-inguruak eta kaleko ikuskizunak aitatu ditue antolatzaileek. Jarduera guztiak dobakoak dira, baina aurretik gonbidapena eskatzea beharrezkoa da (hemen). 

Ikusi egitarau osoa hemen.

Seriesland jaialdiak urtero Bilbon antolatzen dauen aurrez aurreko hitzordua ezinbestekoa da publikoa erakarteko, profesionalen arteko hartu-emonak indartzeko eta sortzaileei bultzadea emoteko. Dana dala, online programazino mamintsua be badakar zazpigarren edizinoak, tartean streaming bidezko proiekzinoak. 

Mundu osoko zaleen interesak agirian ixten dau Seriesland sarean be zabaltzeko beharra. Igazko edizinoan, esate baterako, 120.000 ikustaldi izan zituan jaialdiak online; sakelako eta ordenagailuen bidez zuzeneko 3.000 jarraipen egin jakezen jarduerei; eta webguneak eta sare sozialek miloe erdi ikustaldi izan zituen. 

Ikusi VII. Serieslan-en trailerra hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu